Ate irekien jardunaldia, Muruetako udal gimnasioan
Flores Etxeko areto batean kokatutako gimnasioa erabili nahi dutenek kuota bat ordaindu beharko dute, eta erabiltzaileak txartel bidez sartuko dira.
Muruetako Sokatira Taldeak udal gimnasioan ate irekien jardunaldia antolatu du, biharko [azaroak 30], 20:00etan, eta barikuan [abenduak 1] zabalduko dute. Biharko ate irekien saioan, gimnasioko instalazioak erakutsiko dituzte, eta bertako makina ezberdinen funtzionamendua azalduko dute. Interesa daukan edonor gerturatu daitekeela adierazi dute.
Gimnasioak 40 metro karratuko [40m2] espazioa hartuko du, eta aparkalekutik sarrera independentea dauka. Egunero zabalduko da, 06:00etatik 24:00etara. Instalazioak erabili nahi dituenak kuota bat ordaindu beharko du, eta txartel bidez sartu ahal izango da. Kuota ezberdinak egongo direla jakinarazi dute, hau da, hilekoa, urtekoa edo familia urteko sarrera eskuratu ahalko da. Gainera, erroldatua egotea ez da ezinbesteko baldintza izango, baina prezioan eragina izango du. Bestalde, familia ugarientzat, jubilatuentzat eta denbora luzeko langabetuentzat beherapenak izango dira.
Lankidetza. Muruetako Udalak eta Dinamitxie Herri Kirol Klubak – Murueta Sokatira Taldeak – sinatutako lankidetza hitzarmen batetik sortu da zerbitzua; udalak Flores Etxeko areto bat utzi dio elkarteari, eta hauek izan dira gimnasioko makinak instalatzeko ardura izan dutenak.
Hitzarmenaren bitartez, herriko elkarteei laguntza eman, eta muruetarren artean “euskal kirola, kultura eta tradizioak sustatzea” du helburu udalak. Gainera, sokatira taldearen kirol beharretako bati ere erantzuten dio. Bestalde, klubak Muruetako bizilagunei kirol-instalazioetara sartzen eta hauek erabilizen uzteko konpromisoa hartu du. Hitzarmenak bost urteko iraupena du, baina, bideragarritasunaren eta funzionamenduaren arabera luzatu ahal izango dela jakinarazi dute.