Txarriki eguna eta Euskal Jaia egingo dituzte Muruetan
Txerriki produktuak dastatzeko eta erosteko aukera egongo da, eta eguerdian, txerriaren zozketa.
Txarriki egunaren XIX. aldia egingo dute abenduaren 3an [domeka], Muruetan. Aurreko urteetan bezala, Euskal Jaia eta Txarriki eguneko egitarau bateratua aurkeztu dute. Bertako txerria sustatzea du helburu Muruetako jaiak. Hurbiltzen direnek txerriki produktuen dastaketaz eta nekazal produktuen azokaz gozatzeko aukera izango dute. Adierazi dutenez, eguraldiari aurre hartzeko asmoz, azoka aterpean egitea erabaki dute.
Feria 12:30ean hasiko da txupinazoarekin, eta jarraian, Urdaibai Dantza Taldeak erakustaldia eskainiko du. Euskal dantza eta musikari tartea eskainiz, Eingo taldeak, bereziki Euskal Herrian sustraitutako kantutegia eskaintzen duen taldeak, girotuko du azoka.
Euskal Jaiaren egitaraua osatzeko, bertso-bazkaria egongo da. Honetan, aurretik izena eman dutenek porrusalda, txerriki eta gazta eta menbrilloa dastatzeko aukera izango dute. Bertso-bazkariaren aurretik, azokako aterpean txerriaren zozketako zenbakia ezagutaraziko da.
EGITARAUA
Abenduak 3 [domeka]
– 12:30. Txupinazoa.
– Segidan. Urdaibai Dantza Taldearen erakustaldia.
– Ostean. Eingo musika taldea.
– 15:00. Txarriaren zenbakia.
– 15:30. Bertso-bazkaria.