Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazio nazionalean batuko dira Gernikan
Abenduaren 8rako hitzordua jarri du Gernika-Palestina Deialdi Herriarrak Gernika-Lumon; 12:00etan, Pasealekuan elkartzeko deialdia egin dute.
Herri palestinarrari elkartasuna helarazteko mobilizazio nazioala deitu du Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak abenduaren 8rako [barikua], Gernika-Lumon. Ekimenak bi zati izango ditu: batetik, 12:00etan Pasealekuan egingo den giza irudi erraldoia, eta, bestetik, ekitaldia bera. Gernikak Palestinaren egoera ulertzen du, eta elkarregaz ibilbide solidarioa egin gura dutelako prestatu dute mobilizazioa.
Gaur [azaroak 28] Bilboko udaletxearen aurrean eskainitako prentsaurrekoan herrialde palestinarrak bizi duen indarkeria “duela 52 egun eta 75 urte” hasi zela azpimarratu dute Gernika-Palestina Deialdi Herritarreko ordezkariek.
Bestalde, gogoratu dute biharkoa [azaroak 29] Palestinar Herriarekiko Nazioarteko Elkartasun Eguna dela, egun horretan, 1947an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak “181 ebazpena onartu” zuelako. Ebazpen horretan, Palestinan “estatu judua” eta “estatu arabiarra” sortzea aurreikusten zen arren, orain arte bakarra sortu da: “Israel”.
Israel Gazan –eta Zisjordanian– egiten ari den “genozidioa gelditu behar dugula” azpimarratu nahi izan dute, azken hilabetearen bueltan 14.000 pertsona baino gehiago hil direlako bonbardaketaren ondorioz, “hauetatik ia 7.000 umeak”. Nazioarteko komunitatearen erantzukizuna nabarmendu nahi izan dute, haiei dagokielako “bakea babestea” eta elkarrizketa eta negoziaziorako “baldintza mesedegarriak” sortzea, auziari konponbide “justu eta demokratikoa” emateko.
Mundu osoan herri palestinarrarekiko elkartasunak ez duela etenik, eta Euskal Herriko gehiengo sozialak etsitzeko borondaterik ez duela azaldu dute. “Gernikak pairatu zuen eta Palestina pairatzen ari den sufrimendua” lotzeko, abenduaren 8ko mobilizazio nazionalerako deialdia azpimarratu dute beste behin, “1948ko abenduan Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zela” gogora ekarriz.