Egoera honen ardura udalarena dela diote, udalak eman ziolako baimena Lidl enpresari Gernikan duen saltokia handitu eta biltegia botatzeko. “Guk urriaren amaieran gutunak bidali baino lehenago, udalari hainbat kontsulta eta eskakizun egin genizkion, Los Pirineoseko ur biltegia babesteko. Eskakizun guztiei erantzun zien ezinezkoa dela bota egin behar dela, arrazoi teknikoak tarteko”, gogoratu dute Lobakeko kideek. Eta, orain, gaia publiko egin denean berritasuna etortzea salatu dute, izan ere, orain, “zerbait mantentzeko aukera badagoela” adierazi diete.
Guztiontzako Herria plataformako kideek azalpenak eman zituzten joan den asteko osoko bilkuran, eta negozioen nondik norakoak aipatu zituzten. “Argitu behar dugu lur horiek pribatuak direla eta ez dutela inolako babesik, ez indarrean dagoen 2000 urteko HAPOan, ez Bizkai, Araba eta Gipuzkoan Donejakue bideko pasabidean babestu beharreko monumentu eraikinen dekretuan ere”, azaldu zuten. Hala, ziurtatu zuten baimen guztiak behar bezala dituela enpresak.
Hala ere, udalak elkarte eta historialarien proposamenak kontutan izan balitu, orain ez leudekeela egoera honetan uste dute Lobakeko kideek. Izan ere, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra osatzeko egindako bileretan parte hartu zuten elkarteetako kideek eta historialariek, eta “argi” zehaztu zituzten zein diren bonbardaketa aurreko eraikinak, hau da, zein diren babestu beharko liratekeenak, eta tartean zegoen Los Pirineoseko ur biltegia. “Baina HAPO kaxoi batean sartuta dago. Beraz, memoriaren kontuetan, udalaren egiteko moduek ekarri gaituzte egoera honetara”, adierazi dute elkarteetakoek.
Hori dela eta, uste dute udalak “tresnak sortu eta neurriak hartu” behar dituela ondareari balioa eman eta babesteko: “110 urtez iraun du zutik ur biltegiak. Gernika-Lumoko bizilagunen hainbat belaunaldi ikusi ditu hazten. Gure herriaren industrializazioaren testigu ere izan da. Eta, nahikoa modu harrigarrian, 1937ko apirilaren 26an Alemaniako Condor Legioaren eta Italiako Aviazione Legionariaren hegazkinek ez zuten lortu bonbardatzea. Orain, 110 urte geroago, nazioarteko saltoki handi batek eraitsi egin behar du ur biltegia, Gernika-Lumoko Udalaren baimenagaz”.
Gernika-Lumoko azken osoko bilkuran, hain zuzen ere, talde politiko guztiek konpromisoa hartu zuten horrelakorik aurrerantzean ez gertatzeko politikak sortzeko. Hala, HAPOari ahalik eta arinen heltzeko premia ere nabarmendu zuten denek ala denek, eta horretarako herriko memoria taldeen partaidetza bermatzea nabarmendu zuten. “Memoria historikoaren inbentarioa egitea ezinbestekoa da, eta horretarako plana egokitzeko beharra dago”.