Jaia, ohitura eta aldarrikapena
Katalin Deunaren jaiez gozatu dute Mundakan. Aurtengo jai egitaraua bete-betean zukututa, jaien balorazio positiboa egin dute.
Mundakarrek goi-goitik ospatu dituzte Katalin Deunaren jaiak. Kultura, aisialdia eta aldarrikapena uztartu dituzte aurtengo jaietan. Izan ere, santakatalinek Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunagaz bat egin dute aurten. Gastronomia eta musika izan dira jaietako egitarauko gailurrak. Izan ere, hainbat lagunartek parte hartu zuten zapatuko [azaroak 25] Bakailao Txapelketan. Herritarren parte hartzearen eta plazako arkupean sortutako giroaren balorazio positiboa eginda, pil-pil erara egindako bakailao lapikoez gozatu zuten mundakarrek.
Santa Katalina ermita nahiz Katalin Deunaren plazatxoa izan ziren, bestalde, jaietako beste epizentroak. Baselizan egindako meza nagusiaren ondoren, herritarrak jai giroan elkartu ziren aurreko berdegunean. Plazatxoan, umeak izan ziren jaietako protagonista. Eguraldia lagun, denetariko jolasez gozatzeko aukera eduki zuten: txokor bilketa, sokatira, zaku lasterketa, eta abar. Gainera, Gaztezar Dantza Taldeko kideek herritarrak omendu zituzten hunkidurarako une batez, Ohorezko Aurreskuagaz. Musika herriko bazter denetara zabaltzeko asmoz, herriko txistulari taldeak kalejirak egin zituen; horrez gain, Josepa Kale-Kalek ere girotu zituen kaleak.
Eguerdian, aldartea seriotu zen, bakailao lapikorik onena zein zen argitu orduko: biolentzia matxistaren kontrako aldarria zabaldu zuten plazan, eta manifestua irakurri. Iluntzean nahiz gauean, ospakizunak ez zuen etenik izan. Plazako arkupeetan, Armosu, Bide Batez, Monet eta Xsakara taldeek hotzari erremedio ipini zioten, santakatalinak Txilipitxeruek Kultur Elkarteak antolatutatutako kontzertuekin borobilduz.