Bizirik, libre, antolatuta
Eskualde osoan entzun da, gaur [azaroak 25], emakumeen aurkako biolentzia matxistaren kontrako aldarria. Hainbat udalerritako elkarretaratzeez gain, Gernika-Lumon manifestazioa egin dute; Bermeon, herriko eragileak bildu dira, biolentzia mota horren amaiera aldarrikatzeko.

Bizitzaren eta askatasunaren alde. Gaurkoa [azaroak 25] biolentzia matxistadun azken eguna izan dadin. Jarrera matxistaz aldenduriko etorkizuna bilatu asmoz. Busturialdeko herritarrek, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunean, eskualde osoan elkarretaratzeak, manifestazioak nahiz aldarrikapenak egin dituzte, biolentzia mota horren etena helburu.
Gernika-Lumon, herriko Sare Feministak deituta, manifestazioa egin dute herriko kaleetan barrena, 13:00etan, Merkurion hasi eta amaituta. Biolentzia matxista tarteko, 2023ak daramatza hilabeteetan lau emakumezko eta hau bat erail dituztela salatuta, indarkeria horrek dituen denetariko ereduak eta sorrarazten dituen ondorioak plazaratu dituzte. Erailketak “erasoaldien muturra” direla argituta, “emakume*, trans eta bolleroek egunerokotasunean jasaten dituzten egoerak” azaleratu gura izan dituzte. Erailketak “muturreneko ondorioak” direla azalduta, indarkeria matxistak “denetariko aurpegiak” dituela nabarmendu dute.
“Indarkeria matxista ez da kasualitatez gertatzen den zerbait; sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista batek sostengatzen duen egitura baten tresna ezinbestekoa da”
Era berean, indarkeriaren nortasuna ez dela isolatua izan da eguneko mezu nagusietako bat: “Ez da kasualitatez gertatzen den zerbait; sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista batek sostengatzen duen egitura baten tresna ezinbestekoa da”. Alde horretatik, erakundeei dagokien ardurak hartzeko eskaera egin diete, “azaleko proposamenek eta argazki instituzionalek ezer gutxirako balio baitute”. Gizonezkoen praktiketan ere ipini dute fokua aldarrikatzaileek. Izan ere, beren egunean-eguneango praktikak aldatu ezean, “sistemaren konplize” izaten jarraituko dutela azpimarratu dute.
Fokua bost egun barruko Greba Feminista Orokorrean ipinita, prekaritatea, lan baldintza makurrak eta emakumeen lepo egotzitako zaintza beharrari behar besteko aitzatespenik ez ematea ere indarkeria direla mahaigaineratu dute: egiturazkoa, estrukturala.
Protestak ez dut etenik izango, 18:30ean Itaiak ere manifestazioan parte hartzera deitu baititu bai gernika-lumotarrak, bai inguruko herritarrak. Aipatutako mobilizazio horrek ere, goizekoak bezalaxe, Merkurio edukiko du epizentro.
Herriaren batasuna, bide. Bermeon ere azaroaren 25eko ekimena egin dute, 12:30ean hasita, Taraskan. Elkarretaratzean bildu dira udal ordezkariak, Bermeoko Mugimendu Feministako kideak, Erroxape Emakume Taldekoak eta herriko hezkuntza zentroetakoak. Biolentzia matxistaren Ʊabardurarik txikienei erreparatu diote, jendartean normalizatuta dauden “keinu sotilenetatik” hasita: “Janzkera, jendarte sareen erabilera, lagunartearen kontrola, eremu publikoa askatasunez okupatzeko zailtasunak, berdintasunaren aurkako administrazio erabakiak… egun hau indarkeria matxistaren denetariko alderdiak identifikatzen segitzeko eguna da”.
Gaztetxoenek, herriko hezkuntza zentroetako ikasleek, gatza eta piperra ipini dizkiote aldarrikapenei, eurek beren-beregi egindako bertso eta abestiak jendaurrean abestuz. Jarraian ailegatu da Erroxapeko ordezkaritzak berba hartu duen tarte. Biak ala biak elkartasunaren txalo zaparradagaz eta irrintzi hotsagaz hartu dituzte bermeotarrek. Kriminologian egin ohi den legez, lurrean klarionez pintatu dituzte indarkeria matxistak aurten hil dituen biktimen izenak eta jaioterriak, krimenaren gunea barreiatuta dagoela bistaratuz. Amaieran, Sastraka gaztetxeko emakume taldeak ondutako Aurre egingo dizueten emakumeak abestia lagun, herritarrek orri zuri-moreak eskutan hartu dituzte, eta Taraska giza mosaikoz jantzi dute.

Arteagarrek eguerdian egindako elkarretaratzea. Argazkia: Gautegiz Arteagako Udala.
Gainontzeko udalerriei dagokienez, hainbat eta hainbat izan dira aldarrikapenera bildu direnak. Besteren artean, elkarretaratzeak egin dituzte Gaurtegiz Arteagan, Mundakan, Ibarrangelun edota Ean. Ez hori bakarrik: emakumeak ardatz, denetariko ekimenez gorpuzturiko egitaraua ondu dute.

Ean egindako manifestazioa.
Egitarau horien barruan, besteak beste, Arratzun emakumezkoen lau t’erdiko esku pilota partiduak egin dituzte, eta Ean, ostera, Putaren bakarrizketa eroetxean antzerki-bakarrizketa egongo da arratsaldean.





























































