Malosteko taldeak behin eta berriro igarri zuen Grace Bergerren hutsunea. Bigarren laurdenaren hasieran, etxekoek euren bideagaz jarraitu zuten, 8-0ko partziala eginez. Indar baino borondate gehiagoz, Sara Maderak 0-5eko partzial txikia lortu zuen Gernikaren alde, eta orduantxe hasi ziren bisitariak partiduan sartzen. Etxeko taldeak presio maila zertxobait jaisteak ahalbidetu zion Lointeki baloiaren zirkulazioa hobetzea; edozelan ere, jaurtiketa libreetan aukera larregi barkatu zituzten. Kyara Linskens eta Ameryst Alston geldiaraztea giltzarri zen, partiduari eutsiko bazioten; 39-25ekoagaz iritsi ziren atsedenaldira.
Atsedenaldiaren ondoren, Lointeken jarrera eta jokoa errotik aldatu ziren
Aldageletatik bueltatzean, gernika-lumotarrak bestelako jarreragaz eta, batez ere, ideia oso argiekin kantxaratu ziren. 0-8ko partzialak bete-betean sartu zituen norgehiagokan; presioa, beraz, etxeko taldearen bizkarrean zegoen. Jokoak hobekuntza nabarmena eduki arren, aukerak zukutzea hil ala bizikoa zen Fernandezen jokalarientzat, Montpellierri aukerak uzteak asko baitzuen arriskutsutik. Hirugarren laurdena markagailu estuagaz amaitu zuten: 51-48.
Partiduan estreinakoz, Lointekek markagailuan aurrea hartu zuen, 60-61, Crystal Bradfordi esker; estatubatuarrak joko molde eraginkorra erakutsi zuen Gabby Nikitinaite eta Sofia Da Silvagaz batera. Gernikak ez zuen soilik garaipena buruan, baita puntuen average-a ere. Azkenenengo jabetzan, Itziar Ariztimuño kapitain bilbotarrak baloia galdu zuen, kantxaren albo batetik bestera igarotzerakoan; sarrera erraz bat oparitu zion aurkariari, average-a frantziarren teilatura eroanez.
Domekan, Casademont Zaragozaren aurka jokatuko dute ligako partidua, etxetik kanpo
Partidua 66-67koagaz poltsikoratuta ere, aho zapore gazi-gozoagaz amaitu zuten, horrenbestez, gernika-lumotarrek. Hurrengo fasera multzoko lehen postuan pasatzea esku artean eduki zuten Malostekoek; azkenean, hurrengo fasera pasatzeagaz konformatu behar izan ziren. Etzi [azaroak 26] Zaragozara joko dute, Casademont Zaragozaren kontra ligako partidua jokatzeko.