Aldarrikapen argi eta zehatzak, mahai gainera
Gernika-Lumoko Mugimendu Feministak A30eko Herri Akordioko eskaerak herriaren beharretara egokituta aldarrikatu ditu. Lau eskakizun argi eta zehatz egin dituzte.
Gernika-Lumoko Sare Feministak Greba Feminista Orokorrerako deialdia egin die herritarrei, egungo zaintza sistema errotik eraldatzeko asmoz. Hilaren 30eko [eguena] manifestazioan parte hartzeko deia ere egin dute: 13:00etan Kaltzada Egoitzaren aurrean elkartuko dira eta 18:00etan, ostera, Foru Plazan. Herri Akordioan adostutako nazio mailako eskaerak tokian tokikora ekarrita, mugimendu feministakoek, sindikatu eta herritar eragileekin batera, mahai gainean jarri dituzte zaintzagaz lotuta bilatzen dituzten aldaketak.
Lau multzotan ardaztu dituzte aldarrikapenak. Lehenengoak etxez etxeko beharginekin dauka lotura. Udalari eskatu diote euren zuzeneko kontratazioari dagokion kudeaketa Mankomunitatearen bidez egin dezala. Etxez etxeko beharginen lan baldintzak “duintzea” bilatu dute, eta ez, ostera, “azpikontraten interesak elikatzea”.
Bigarrenak Gernika-Lumoko Kaltzada Egoitzako langileen baldintzak hobetzea eta bertako zerbitzuaren kalitate maila hobetzea du jomuga. “Alkateak, Kaltzadako Patronatuko lehendakaria den neurrian, badauka zer eginik auzi horretan”, adierazi dute. Hirugarren aldarria Malosteko ospitaleagaz lotuta dago: han ohe gehiago ipintzea eta larrialdizko zerbitzuak hobetzea eskatu dute eta Galdakao-Usansolokoan erditze unitate eta oinarrizko pediatria zerbitzua jartzea. Atzerritartasun legea bertan behera uztea da laugarren eskaeraren muina, “emakume migratzaileen oinarrizko eskubideak bermatzeko”.
Herritar eragileen babesa. Gernika-Lumoko Mugimendu Feministak Euskal Herrikoagaz bat egin duen modu berean egin dute lehenengoagaz eskualdeko eragileek. Besteren artean, Busturialdeko Pentsiodunen Mugimenduak, eskualdeko hainbat kultur taldek, Gernika-Lumoko udal langileek edota Gernika-Lumoko Sarek bat egin dute euren eskaerekin.
Guggenheim Urdaibai Stop herritar plataformak bat egin du Greba Feminista Orokorragaz. Plataformatik argitu dute makroproiektua ez datorrela bat “herritarrek behar eta aldarrikatzen duten kalitatezko zaintza komunitarioagaz”.
Museo egitasmoak aurrera egitekotan, Busturialdeko bizilagunen “zaintza ekosistemak kolpe handia” jasango lukeela azalduta, plataformakoek ekimenak ekarriko lituzkeen ondorioei erreparatu diete: “Proiektuak aldi baterako lanpostu feminizatu eta prekarioak sortuko lituzke eta horrek, gainera, modu zuzenean eragingo lieke langile horiek lanpostuaz harago dituzten zaintza lanei”.
Herritarrak “naturaren parte ere badirela” azpimarratuta, naturaren eta ekosistemaren zaintzak bizitzaren zaintzagaz “bat egiten duela” nabarmendu dute. Horregaz, zaintza sistema publikoa, doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala eskatu dituzte: “Oinarri soziala daukaten geure premiei erantzuna emateko ordua ailegatu da”.