Akerbeltz sagardo naturala, enpresa ideiarik onena
Muruetako eta Busturiko kidez osatutako egitasmoa gailendu da Busturialdeko X. Enpresa Ideia Lehiaketan. Diverse proposamenak lortu du bigarren saria. Ü-BAI enpresa ideia onenaren saria, ostera, Euskarri Urdaibai izenekoak irabazi du.
Busturialdeko Enpresa Ideia Lehiaketako sari banaketa ekitaldia egin zuten atzo [azaroak 23], Busturiko BBK Klima Abentura Parkeko instalazioetan. Lehiaketa hamargarren urtemugara ailegatu da aurten, eta, beste behin, parte hartze nahiz jarraipen arrakastatsua eduki du. Bere jomuga nagusia 18 eta 35 urte bitarteko ekintzailetza bultzatzea da, lan mundura murgiltzea errazte aldera; era berean, ideia berritzaileei plaza eskaintzea eta enpresa interesak saritzea ere helburu dituzte. Osotara, 7.000 euro banatu dituzte, gazte ekintzaileei laguntzeko bideratuak. Helmuga horiekin hoberen bat egin duen aurtengo enpresa ideia Akerbeltz sagardo naturala izan da.
Sagardoa hirugarrenei saltzea eta upategira bisita gidatuak egitea da irabazleen helburua
Xabier Zenigaonaindia Apraiz muruetarra eta Ander Etxaniz de Miguel busturiarra daude proiektuaren atzean. Zenigaonaindiaren eta Etxanizen jomuga sagardo naturalaren marka propioa sortzea da, Euskal Sagardoa Jatorrizko Deituraren barruan. Etxean duten “sagarrondo kopuru handia” edukiko du ardatz euren enpresa ideiak, zerbitzu bi emateko: batetik, sagardoa hirugarrenei saltzea; bestetik, upategira bisita gidatuak egitea. Bisitotan, gainera, tokiko produktuak dastatzera emateko asmoa dute, euren sagardoagaz batera.
Irabazleek 3.000 euroko diru laguntza jaso zuten atzo, ideia garatzeko bideratua. Horrez gain, urtebetez doako aholkularitza zerbitzua jasoko dute, lan alorrera, zergetara edota kontabilitate aholkularitzara bideratua. Ez hori bakarrik: Arratzuko Elkartegian urtebetez behar egiteko gela bat edukiko dute, euren proiektua garatzeko. Garaileek umorez eta ilusioz jaso zuten, atzo, saria: “Kupel berri bat, behintzat, erosi beharko dugu!
Ikus-entzunezko oinarriagaz gazte komunitatea eratzea du ardatz Diverse proiektuak
Bigarren saria Gorka Legarra Atutxa gernika-lumotarraren Diverse egitasmoak eskuratu zuen. Ikus-entzunezko euskarria du zutabe Diverse-k. Tankera horretako edukiak sortuko dituen gazte komunitatea eratzea da Legarraren helburua. Gazteei protagonismoa eta parte hartzeko aukerak ematea bilatuko du. “Egungo paradigmekin apurtu gura dugu, gazteek eurentzat izango den zer edo zer elkar eraginez eraikitzeko”, azaldu zuen. Bigarren sariak 2.000 euroko bultzada ekonomikoa, sei hilabeteko doako aholkularitza zerbitzua eta Arratzuko Elkartegiko gela bat urtebetez erabilgarri edukitzea ekarri dizkio gernika-lumotarrari.
Ü-BAI sariketa. Atzo banatutako hirugarren saria Ü-BAIrena izan zen: Eskualdeko Garapen Ekonomikorako Planaren lau ardatz sektorialetara bideratutako enpresa edo enpresa ideia onenarena. Euskarri Urdaibai proiektua izan zen haren irabazlea. Hiru ekintzaile bermeotar daude egitasmo horren gidaritzan: Jon Guarrotxena Layuno, Ane Gangoiti Fradua eta Josu Urkidi Elortegi. Urdaibaiko “berezitasunak eta aniztasuna” podkast bat bide hartuta partekatuko dute irabazleek.
Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez zein alemanez zabalduko dituzte bertoko tradizioagaz, bizimoldeagaz, fokloreagaz, inguruneagaz eta bestelakoez erlazionatutako langaiak: “Gure helburua eskualdearen benetakotasuna ikuspuntu eleanitz batetik sustatzea da, esparru digitalean murgilduta egongo diren hurrengo belaunaldientzako ahalik eta erakargarriena izan dadin”. Euskarri Urdaibai proiektuko lantaldeak 1.000 euroko dirusaria irabazi zuen.