"Ikerketa onkologikoaren mugarri garrantzitsuenak", erakusketa batean
Astelehenetik [azaroak 27] eguenera [azaroak 30], erakusketa eta hitzaldiak antolatu ditu Minbiziaren Aurkako Elkarteak Nestor Basterretxea aretoan.
Minbiziaren Aurkako Ibilbidearen barruan ekintza ezberdinak antolatu ditu Minbiziaren Aurkako Elkarteak Bermeon, datorren astelehenetik [azaroak 27] eguenera [azaroak 30]. Minbiziaren ikusgarritasuna handitzea, gaixotasunaren inguruko ezagutza handitzea eta ikerketaren garrantzia azpimarratzea dira, besteak beste, elkartearen helburuak. Horretarako, lau egunetan zehar erakusketa eta informazio-mahaia jarrizko dituzte Nestor Basterretxea aretoan.
Oihana Urrazak, Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideak, adierazi duenez, erakusketak “ikerketa onkologikoaren mugarri garrantzitsuenak” bilduko ditu. Euskara zein gazteleraz azalduko dira hogeita hamar gertaera garrantzitsuenek “oso ondo erakusten dute nolakoa den minbiziaren biziraupena, nolako zen lehen eta nola igotzen den hau ikerkuntzari esker tratamenduak eta frogak hobetzen direnean”.
Ikerketaz gain, prebentzioaren garrantzia nabarmendu du Urrazak. Bermeon tabakismoaren prebentzioari erreparatuko diote: “Ke gabeko espazioaren garrantzia azpimarratuko dugu, eta sinadurak batu, Hiritarren ekimen europar batean gaudelako”. Izan ere, 2030erako tabakorik gabeko lehen belaunaldia lortu nahi dute. Minbizia prebenitzeko orduan, erretzeari uzteak, edo “erretzen ez hasteak” duen garrantzia ezagutarazteko mahai-informatiboa jarriko dute, Lameran, azaroaren 28an [martitzena].
Esther Alvarezek, elkarteko psikologoetako batek, ¿Cómo afecta el cáncer a las relaciones y las emociones? izeneko hitzaldia emango du eguaztenean [azaroak 29]. Hurrengo egunean, azaroaren 30ean, Arkaitz Carracedo doktoreak La investigación como motor para mejorar el tratamiento del cáncer hitzaldia emango du, Urrazaren hitzetan “oso interesgarria” dena. Honetan, “minbizia zer den, minbiziari aurre egiteko aurrerakuntzak egitearen zailtasunen zergatia, eta orain arte zer egin den eta zertan ari diren” azaltzen du arlo horretako ikerkuntza lanengatik estatuan zein internazionalki saritua izan den Carracedo ikerlariak.
Bularreko minbizi metastasikoan ikerkuntza gehiago egitea beharrezkoa da
Ikerketaren garrantzia. Minbiziaz ari garenean gaixotasun bat baino gehiagoz gabiltzala ohartu behar garela nabarmendu du Oihana Urrazak, hau da, “ezaugarri komun bat” duten gaixotasun asko direla. Elkartetik ikerkuntzarako inbertsioak “egiten jarraitzea eta gora egitea” eskatzen dute, horiei esker lortu baita “tratamenduak hobetu eta detektazio goiztiarra egiteko probak” izatea. Horre inguruan sakontzeko, bularreko minbizia jarri du adibide; izan ere, mamografiak daudenetik, geroz eta arinago detektatzen dira kasuak eta “gehienak nahiko erraz” sendatzen dira. Hala ere, ikerketak ezinbesteko izaten jarraitzen du: “Bularreko minbizi mota asko daude, eta gaur egun, adibidez, bularreko minbizi metastasikoaren ikerkuntza gehiago egitea beharrezkoa da. Momentuz ditugun tratamenduekin ez delako hain erreza, edo sendatzeko probabilitatea ez delako horren handia”.
Elkartearen “misioa”. Minbiziaren Aurkako Elkarteak 203oerako duen beste erronka bat “minbizia dutenen %70ak bizirautea” da. Helburu horrekin konpromisoa du elkarteak: “Dirua ikerketara bideratzea”. Horrez gain, minbizia duten horien sufrimendua eta minbiziaren ondorioak gutxitzea da elkartearen “misioa”, eta, horretarako, gaixotasuna dutenei zein familiei laguntzeko doako zerbitzuak eskaintzen dituzte.
Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak sei tokiko batzar ditu: Zornotzan, Balmasedan, Bermeon, Durangon, Ermuan eta Ondarroan. Horietatik hirutara eraman dute aurten Minbiziaren Aurkako Ibilbidea programa: lehenengoa Ermuan izan zen, maiatzean; bigarrena, Durangon, urrian; eta urteko azkena datorren astean, Bermeon.