"Athleticera heltzea berezia izan da niretzat; oso harro nago"
Erdilari bermeotarrak abuztuaren 12an debutatu zuen lehen mailan: Real Madril zen talde bisitaria San Mamesen. Lehenengo gola Betisen aurka sartu zuen, abuztuaren 27an.
Athletic Cluben jokatzea zure ametsa dela esaten duzu.
Beti esan dut eta txikititatik argi izan dut Athleticen jolastu gura nuela, eta nire familiak eta lagunek ondo baino hobeto dakite. Orain, lehenengo taldean nago, eta oso harro sentitzen naiz, lan handia dakar atzetik, eta honaino heltzea berezia izan da niretzat. Txikitatik gustatu izan zait futbolera jokatzea. Eskolan hasi nintzen, eta handik Bermeo Futbol Taldera joan nintzen. Han lau urte egin ostean, Athleticera joan nintzen bi urtez, eta handik Danok Batera, berriro Athleticera bueltatu arte.
Real Madrilen aurka debutatu zenuen, ezustekoan batzuentzat. Zuk, espero zenuen?
Ez, niretzat ere ezustekoa izan zen. Partidua hasi baino ordu eta erdi arinagora arte ez nekien ezer. Arbelean nire izena ikusi nuenean, esan beharra daukat apur bat urduri jarri nintzela. Ernesto Valverde entrenatzaileak niganako konfiantza agertu zuen. Zelairatzeko prest nengoela uste zuen.
Denboraldia hasiberri etorri zen zure lehenengo gola lehenengo mailan. Presiorik eragin dizu?
Egia esan, ez. Poztasuna baino ez zidan ekarri. Nire jendearen aurrean, gurean, San Mamesen gola sartu nuen eguna, agian, nire egunik bereziena izan da. Familia ikusi nuen harmailetan eta momentu hartan sentitu nuena oso berezia izan zen. Ez dut presio gehiagorik sumatu, normal jarraitzen dut.
“Ezin dut azaldu zer sentitzen den 50.000 zale zure izena abesten ari direnean”
Zer sentitzen da harmaila osoak txalo egiten dizunean?
Harrotasuna sentitzen da. Egia esan, ez dut oso ondo gogoratzen, baina gauza asko sentitu nituen. Ezinezkoa da azaltzea zer sentitzen den 50.000 zale zure izena abesten ari direnean, baina poztasuna eta harrotasuna izugarriak dira.
Une hartan nor etorri zitzaizun burura?
Amuma. Igezkoa urte zaila izan zen nire amumarentzat. Burua altxatu eta harmailan zegoen nire aurrean. Aita eta osaba beti daude leku berean jesarrita, San Mames zaharrean zein berrian. Ni ere leku horretan jesarrita egon naiz gurasoekin zein osabagaz asko eta askotan. Hortaz, oso ondo dakit non egoten diren etxekoak, eta amuma banekien han zegoela.
Etxean jokatzeak jokoa errazten du. Harmailak zer nolako garrantzia dauka horretan?
Oso garrantzitsua dira zaleak eta euren babesa. San Mamesen, gainera, asko igarten da gure zaleen laguntza. Azken partidetan oso gainean egon dira, eta etxeko bi azken partiduetan, esaterako, 95. minutuan iritsi ziren golak. Hor ikusten da zaleen babesa eta harmailak daukan garrantzia.
“Uste dut fisikoki oso ondo nabilela eta jaurtiketa ona daukat barrutik zein kanpotik”
Zeintzuk dira zure indarguneak eta ahulguneak?
Hasi berria naiz, eta ahulgune asko ditut oraindik. Uste dut, baina, fisikoki oso ondo nabilela eta jaurtiketa ona daukat barrutik zein kanpotik. Hala ere, gauza asko dauzkat hobetzeko. Lasaiago jokatzen ikasi behar dut, askotan azeleratu egiten naizelako. Gauzak arin egin gura ditut askotan, baina badakit denboragaz hori guztia hobetuko dudala.
Ezkertia zara baina eskumagaz ere ondo moldatzen zara; balioerantsia ematen dizu horrek berdegunean?
Bai, oso garrantzitsua da biekin moldatzea. Hala eta guztiz ere, uste dut, oraindik ere asko hobetu dezakedala eskumagaz; ekinean jarraituko dut.
Zer eskatzen dizu Valverdek jokalari modura?
Esaten dit garrantzitsua dela zelaian pertsonalitatea azaleratzea eta ikara barik aritzea. Berria naiz, 20 urte dauzkat, eta oraindik ez nago ohituta lehenengo mailan jokatzera. Hala ere, uste dut banoala gutxi-gutxika hobetzen. Nire jokoa erakustera animatzen nau, ikarak kentzera eta aurrera egitera.
Zelan ikusten duzu taldea denboraldi honetan? Zein da aurten Athleticen helburua?
Taldearen helburua argia da, Europan egon gura dugu eta, hortaz, sailkapeneko lehenengo postuetan egon behar dugu. Azken urteetan, atarian geratu gara, baina uste dut aurten taldea hobeto dagoela eta bide onetik goazela.
Errege Kopako hurrengo kanporaketa Cayonen aurka daukazue Sardineron. Pozik egokitu zaizuen taldeagaz?
Bai, pozik gaude. Denboraldi-aurrean Cayonen zelaian jokatu genuen Racingen aurka eta, orain, alderantziz izango da; Sardineron jokatuko dugu Cayonen aurka. Hurbil dago, eta zelai ona da jokorako. Athleticentzat Kopa berezia da, klubak 24 kopa dituela gogorarazi behar dugu. Gogo handiz gaude.
“Athletic goian ikusi gura dut, eta ni horren parte izatea”
Duela gutxi 2028ra arte luzatu dizute kontratua. Zer lortu gurako zenuke?
Lehenengo mailara ohitzea da lehentasuna eta horretan mantentzea. Gero, Europan jokatzen baldin badugu oso pozik egongo naiz, eta zeresanik ez titulu bat irabazten baldin badugu. Athletic goian ikusi gura dut, eta ni horren parte izatea.
Iaz Bilbao Athleticegaz denboraldia nahikoa txarto joan zen. Aurten, Athletic bosgarren doa, momentuz, sailkapenean. Denbora gutxian bi egoera oso desberdin bizi izan dituzu.
Asko aldatu zait egoera, bai. Iaz, Bilbao Athleticegaz denboraldi osoa behean eman genuen, ez genuen partidurik irabazten, eta sentsazioak txarrak ziren. Egoera zaila zen; domekan partidua ez duzunean irabazten zaila egiten da astea, eta modu horretara aste askotan egotea benetan gogorra da. Burua ondo edukitzea garrantzitsua da kasu horietan. Nahiz eta irabazi ez, taldeak ondo entrenatzen zuen. Aurten, baina, lehenengo mailara salto egin dut, bosgarren goaz, eta taldea oso gogor ikusten dut. Egoera guztiz desberdinak. Nik lanean jarraitzen dut, burua lasai daukat, eta uste dut hori dela garrantzitsuena.
Txikitako idoloekin jolasten zabiltzala diozu. Nortzuk dira horiek eta zeintzuk dira zure erreferenteak?
Iker Muniain da horietako bat; 16 urtegaz debutatu zuen eta, ordutik, Athleticen dago, eta erreferente bat da niretzat. Halere, asko dira aldagelan dauzkadan idoloak: Oscar De Marcos, Raul Garcia, Iñaki Williams… ez dut inor atzean utzi gura, denak miresten baititut. Erdilarien jokoan arreta handia jartzen dut, Iñigo Ruiz de Galarreta, Oihan Sancet, Mikel Vesga, Dani Garcia… guztietatik ikasten dut.
“Athleticeko aldagela oso ona da, beti daude laguntzeko prest; luxua da hor egotea”
Zelan gogoratzen duzu aldageletan zure idoloekin batu zinen lehenengo unea?
Iaz izan zen, denboraldi amaieran. Ez dakit lehenengo mailako beste aldagelak nolakoak izango diren, baina Athleticekoa oso ona da. Beti daude laguntzeko prest, zure gainean daude, entrenamenduetan lagundu egiten dizute… niretzat luxua da egunero eurekin egotea. Babestuta sentitzen naiz, nireganako ardura agertzen dute eta gomendio asko ematen dizkidate, beti daude nire gainean.
Bideo epaile laguntzailearen aldekoa zara?
Apur bat zaila da gaia. Futbola justuagoa izateko balio badu, ondo dago. Orain, batez ere, eskuekin, ez dakigu eskua zer den eta zer ez. Uste dut jokoz kanpoetan lagundu egiten duela, baina xehetasunetan sartzerakoan, apur bat galtzen gara. Ni, baina, bideo epaile laguntzailearen defendatzailea naiz.
Athleticen jokatzeak bizitza aldatu dizu?
Apur bat bai, nire betiko ametsa izan delako. Baina egunero gauza berdinak egiten jarraitzen dut. Iaz, egun libre batean, portura joaten nintzen gosaltzera, eta aurten libre banago, gauza bera egiten dut. Eguneroko gauzak ez ditut aldatu, baina orain San Mamesen jokatzen dut eta iaz Lezaman, eta horrek apur bat aldatzen du egoera. Sumatzen dut jendeak ezagutu egiten nauela, umeek gehiago geratzen naute, baina ondo hartzen dut, ez didate molestatzen. Esan beharra daukat, gainera, jendea beti errespetuz hurbiltzen dela niregana.
Bermeok eta bermeotarrek zelan hartu dute berriro ere herrikide bat Athleticen jokatzen ikustea?
Oso pozik. Helduenak beti daude animoak ematen. Nire gurasoak ni baino gehiago ibiltzen dira kaletik, eta herrikoek eurak ere gelditzen dituzte niri animoak emateko.
Familia eta lagunak pozik egongo dira, ezta?
Oso pozik daude, momentuaz gozatzen ari dira. Denak dira Athleticeko zaleak, eta laguna edo familiako kide bat San Mamesen jokatzen ikustea berezia da nire inguruko guztientzat.
Zure amets bera daukaten ume asko daude. Horientzako gomendiorik bai?
Egun egunekoa gozatu beharra daukate. Futbolera jokatzen baldin badute, jolastu dezatela futbola gustuko dutelako. 15 urtera arte ez neukan buruan lehenengo mailara iritsi gura nuenik; ondo pasatzen dut entrenatzen. Lanagaz eta esfortzuagaz dena da posible, dena lortu daiteke.
Bateragarriak dira entrenamenduak eta ikasketak?
Bai, bateragarriak dira eta Athleticek, gainera, erraztasun asko ematen ditu. Klaseak Lezaman bertan emateko aukera ere egoten da kasu batzuetan. Esfortzu apur bategaz dena da posible.