Zaintzari eta kartzelari buruzko eztabaidarako txostena egin du Gernika-Lumoko Sarek
Greba Feminista Orokorragaz bat egin du Sare Gernika-Lumok, eta 'Zaintza eta kartzela, eztabaidarako materiala' txostena sortu du.
Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorragaz bat egin du Sare Gernika-Lumok, eta grebagaz bat egiteko deialdia egin du. Horrez gain, Denon bizitzak erdigunean dinamikak zaintzari buruzko lanketa egiteko gonbidapena jaso, eta Zaintza eta kartzela, eztabaidarako materiala txostena sortu du. Izan ere, hala dio mugimendu feministak landu duen Herri Akordioak: “Gure ustez, zaintza bizimodu duina eraikitzeko oinarria da: ez da unean uneko zerbait, zaintza bizitzako une eta eremu guztietan beharrezkoa baita. Gure gorputzen eta gure komunitateen iraunkortasunerako ezinbestekoa da, hau da, bizitza, ongizatea eta osasuna iraunarazteko eta kudeatzeko beharrezkoa”.
Hala, Sare Gernika-Lumok gogoratu du azken bost urteetan, Euskal Herriko mugimendu feministak sustaturiko eztabaida, gogoeta eta erronkak garatu ahala, Sare Herritarra eta Etxerat elkartea emakume presoei buruzko gaia lantzen joan direla, unean uneko beharrei erantzunez eta erpin ezberdinak landuz. “Azken urteetan aurkezturiko txostenak atzean duten lan eta errealitate oso baten lagin bihurtu dira; eta, nolabait, esplizituki zein inplizituki, zaintzaren afera presente egon da”, adierazi dute. Hala, hurrengo txostenak nabarmendu dituzte: Euskal emakume presoak. Are urrunduagoak, isolatuagoak, eskubiderik barik; Dispertsioaren haurrak, espetxe politikaren alderik ilunena; Motxiladun haurrak txostena eta unitate didaktikoa; Urrunketa: kalte eta eraginak adin nagusiko pertsonengan; Nik sinisten dizut, emakumeen egia aitortu manifestua, justizia feminista eztabaidagai jartzeko Foro Sozialak bultzatutako ekimena; eta Emakumearen gatazka erradiografia bat esku-orria.
Sarekoei “interesgarria” iruditzen zaie zaintzaren eta euskal gatazkaren inguruko “oinarri sakonaren” arteko gurutzaketak lantzea, eta uste dute gero eta material gehiago dagoela horretarako, “zorionez”. Hala ere, erpin bi azpimarratu gura dituzte: alde batetik, zaintza espetxearekin gurutzatzen deneko errealitatea, eta bestetik, zaintza lana emakumearen bizkar geratzen dela kartzelan ere.
Etxerat elkartearen arabera, 2023ko azaroan, 20 euskal preso emakume daude EPPK kolektiboan: Zaballan, Martutenen, Iruñean eta etxean preso. Sarek irakurketa “itxaropentsua” egin zuen urrian –Lakuak espetxe eskumena bere gain hartu zuenetik bi urte bete ziren–, baina oraindik “jarrera blokeatzaileak” daudela azpimarratu zuen. Hala, presoen zaintzaren ikuspuntutik, espetxe eskumenaren lan tresna izateak zertarako izan daitekeen baliagarria aztertzea beharrezkoa iruditzen zaie. “EAEk espetxe politika eskumenak dituela bi urte pasatu dira. Eta tresna hori zertarako izan daitekeen baliagarria aztertu behar dela uste dugu. Egingarriak eta exijigarriak diren aldarrikapenak plazaratzeko”, adierazi dute Sareko kideek.
Bestalde, espetxea tartean dagoenean, zaintza lanak emakumeen esku geratzen direla onartu dute: “Preso egoteak kanpoko harremanekin erabateko haustura dakar, eta presoa zaindu beharreko norbait bihurtzen dute. Presoek normalean erreferentziazko pertsona batzuk izaten dituzte eta horiek, gehienetan, emakumeak izan ohi dira. Horrek guztiak erreferentziazko pertsona horri karga mental izugarria gehitzen dio: dauden arazoak konpondu, errekaduak egin, zubi lanak egin…. Egoera hori are gehiago korapilatzen da preso dagoenak gaixotasunen bat sufritzen duenean, baita umeak edo adinekoak tartean daudenean ere”.
Bi lan ardatz.
Euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioaren beharra aldarrikatzen du Denon bizitzak erdigunean dinamikak, eta bi lan ardatz azpimarratu ditu: zaintzen egungo antolamendu soziala eraldatzeko beharra eta euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioa eraikitzea. “Euskal gatazkari loturiko espetxe egoera bat gurutzatzen deneko ezaugarri espezifikoei erreparatuz gero, plazaratzen diren zenbait aldarrikapenetan zer hausnartu badugu, gure ustez”, azpimarratu dute. Eta familia nuklearretik kanpo “zaintza baimenak zabatzeari eta handitzeari” egin dio erreferentzia Gernika-Lumoko Sarek. Gizonek zaintza lanen ardura hartzea ere interpelatu dute, ez-zaintzaren pribilegioari uko egiteko eta zaintza lanetan inplikatzeko aldarria eginez.
Emakumeari eta kartzelari buruzko lan hori bi norabidetan zabaldu gura dute orain: lanketa mugimendu feministagaz partekatu nahi dute, eta Gernika-Lumoko Sareren komunitateari begirako zabalpena ere egiteko asmoa dute.