Neguaren hotzaren ataritan, jaiaren berotasuna
Mundakarrak Katalin Deunaren jaiei begira daude. Gastronomia, musika eta dantza nabarmenduko dira egitarauan.
Mundakako herritarrak urteko ospakizunik berezienetako baten zain daude: Katalin Deunaren jaiak. Udazkeneko hitzordurik nabarmenenetakoa izan ohi dira jaiok mundakarrentzat, udalak herritar eragileekin elkarlanean antolatzen baititu. Aurten, beste behin, hilaren 25ean ospakizuna eta aldarrikapena uztartuko dituzte, Emakumeenganako Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna ere izango baita.
Egun osoko egitaraua izango da Katalin Deunaren jaietakoa. Zapatua [azaroak 25] orduko, gainera, gaur [azaroak 22] eta barikuan [azaroak 24] herriko txistulari taldeak herria jai girorako prestatuko du. Izan ere, kalejira egingo dute herri osoan zehar; gaurkoa, gainera, Mundakako Abesbatzak lagunduta izango da. Katalin Deunaren eguna izango da, edozelan ere, egitarau aldetik potoloena. Gastronomia, dantza eta zuzeneko musika izango dira aurtengo jai egitarauaren gailurrak.
10:00etan hasiko dira Bakailao Txapelketarako prestakuntzak
10:00etan, Bakailao Txapelketa abian ipiniko dute. Lagunarteak herriko plazan elkartu beharko dira, eguerdi aldera lehiaketara aurkeztuko dituzten pil-pil erara eginiko bakailao lapikoak prestatzeko. Bien bitartean, 10:30ean, berriro herriko txistulari taldeak hartuko du jaiei ofizialki hasiera emateko ardura: plazatik hasita, kalejira egingo dute. 11:00etan, etxeko gaztetxoenek ondo pasatzeko aukera edukiko dute Katalin Deunaren plazatxoan. Izan ere, 11:00etan, umeentzako jolasak ipiniko dituzte bertan; euria egingo balu, jolasok gazteleku eta ludotekaren barrualdera lekualdatuko lituzketela aurreratu dute udaletik.
12:00etan, Santa Katalina ermita bihurtuko da jaietako epizentro, urteroko meza nagusia egingo baituta bertan, 12:00etan. Ondoren, Gaztezar Dantza Taldeak mundakarrei zuzendutako ohorezko aurreskua egingo du Santa Katalina plazatxoan, jan-edana hasi orduko. Eguraldi umelari aurre egiteko, salda beroa eta pintxoak dastatu ahalko dira 12:45ean. Jarraian, dezibelen txanda izango da berriro, Josepa Kale-Kaleren musikaz girotuta egingo baitute herritarrek plazarainoko bidea. Bertan edukiko dituzte zain goiz osoan zehar bakailao errezetak prestatzen aritutako herritarrak.
Emakumeenganako Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna ere gogoratuko dute, plazan elkarretaratzea eginez eta manifestua irakurriz
13:00etara arteko tartea edukiko dute Bakailao Txapelketako parte hartzaileek euren kazuelak atontzeko, ordu horretan egingo baitute aurkezpen ofiziala. Lehiaketako irabazlea zein den jakin orduko, aldarrikapenerako tarte hartuko dute mundakarrek. Izan ere, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna gogoratuko dute, plazan elkarretaratzea eginez eta manifestua irakurriz. Horren ostean egingo dute txapelketako sari emate ekitaldia.
Gauean, jaiak ez du etenik izango. Txilipitxeruek Kultur Elkarteak antolatuta, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera egongo da plazan. Lau kontzertu egongo dira: Armosu, Bide Batez, Xsakara eta Monet; 19:30ak aldera taularatuko da lehendabizikoa. Kontzertuokin agurtuko dituzte mundakarrek Katalin Deunaren jaiak, udazkeneko datarik berezienetakoa, eta negura bete-betean begira ipiniko dira.
EGITARAUA
Azaroak 22.
20:00. Txistularien kalejira, plazatik hasita eta Mundakako Abesbatzak lagunduta.
Azaroak 24.
20:00. Txistularien kalejira, Santa Katalina plazatxotik hasita.
Azaroak 25.
10:00. Bakailao Txapelketaren hasiera, plazan.
10:30. Txistularien kalejira, plazatik hasita.
11:00. Umeentzako jolasak Santa Kalatina plazatxoan.
12:00. Meza nagusia Santa Katalina ermitan.
Ostean. Ohorezko aurreskua, Gaztezar Dantza Taldearen eskutik.
12:45. Salda beroa eta pintxo jana.
Ostean. Kalejira plazaraino, Josepa Kale-Kalek girotuta.
13:00. Bakailao lapikoen aurkezpena.
Ostean. Emakumeenganako Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguneko elkarretaratzea.
14:00. Bakailao Txapelketako sari emate ekitaldia.
19:30-01:00. Kontzertuak plazan: Armosu, Bide Batez, Xsakara eta Monet.