Belendizen erabilera askoko gunea eraikitzeko obrekin jarraitzen dute
Erabilera anitzeko gunea eraikitzen ari dira, eta bigarren fasea hasi berri dute. Fase honetan, dagoeneko eraikitako jolasgunea inguratzen duen espazioa egokitu eta aparkaleku berri bat egingo dute.
Belendizen erabilera askoko espazio berri bat eraikitzeko asmo handiko proiektu batean murgilduta dabil Arratzuko Udala. Herriari erabilera askoko espazio berri bat ematea du helburu, udalerriko jarduera soziokulturalak bertan antolatzeko. Gaur gaurkoz, bigarren faseko lanak egiten hasi dira.
“Udalaretzat Arratzuko auzo guztiak dira garrantzitsuak. Gure auzoak elkarrengandik urruti daude, bakoitzak bere izaera eta esentzia ditu, eta gure ahalegina ongizatea partekatzea da”, adierazi du Josu Sabin Olano Arratzuko alkateak. Horretarako, “apurka-apurka”, zerbitzu eta azpiegitura “dinamiko, funtzional eta irisgarriez” hornitzen ari dira udalerria, herritarrek “ahalik eta bizi kalitate handienagaz” goza dezaten, “herri handien zerbitzua herri txikia izatearen abantailari gehituz”.
Auzo guztien iriste erraztasuna sustatzeko estrategia horri lotuta dago, hain zuzen ere, Belendizeko espazio berria, Belendiz dorretxearen inguruan dagoena. Lehenenego fasea amaituta, kirol instalazio berri batekin, haurrentzako jolasgune batekin eta lorategi batekin egokitu dute ingurua. Bigarren fasean, berriz, gune hori inguratzen duen espazioa egokitu eta aparkaleku berri bat egingo dute. “Aparkaleku bat egingo dugu, eta jolasgunearen eta lorategiaren eremua handituko dugu”, azaldu du alkateak, eta zehaztu du LED argiztapen eraginkorragoa ere instalatuko dutela eremuan.
Espazio berri horrek aisialdi gune berri bat eta Belendizeko jolas eta kirol jarduera sustatzeko balioko duela uste du alkateak: “Bigarren faseko jarduerekin, udalerri osoko bizilagunei zerbitzua emango dien azpiegitura garrantzitsua amaituko da”.
Dagoeneko hasita daude bigarren faseko obrak eta hiru hilabeteko epean gauzatuko dira, 231.000 euroko inbertsioagaz. Zehaztu dutenez, udalak hurrengo diru laguntzak jaso ditu obra hau gauzatzeko: Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol sailaren 114.000 euroko diru laguntza, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako sailaren 48.000 euroko diru laguntza eta aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko sailaren 59.000 euroko diru laguntza. “Lehen faseak 303.446,61 euroko aurrekontua zeukan, eta hori finantzatzeko ere aldundiaren eta jaurlaritzaren diru laguntza jaso zuen Arratzuko Udalak”.