Hezkuntza-laguntzarako boluntario bila ari dira Bermeon
Duela bi urte hasi zen Aukerak Suspertzen programari jarraipena eman nahi dio Bermeoko Udalak, eta umeei laguntza eskaintzeko boluntarioak behar dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak abian jarritako Aukerak Suspertzen programa bultzatzen jarraituko du Bermeoko Udalak. Programa hezkuntza-prozesuarekin jarraitzeko zailtasunak dituzten, eta gizarte-desabantaila egoeran dauden Lehen eta Bigarren Hezkuntzako adingabeei zuzenduta dago. Egun lau dira Bermeon jarduten duten boluntarioak, baina egoera zaurgarrian dauden ume gehiagori lagundu ahal izateko boluntario gehiagoren bila dabiltza.
Endika Etxebarria Telleria, Gizarte Ongizatea Saileko zinegotziak adierazi duenez, udalerrian zerbitzu honen beharra “gero eta premiazkoagoa” da, eta ondorioz, “Bermeoko jendeari boluntario moduan etortzeko deialdia” zabaldu die.
Proiektua duela bi urte jarri zuten martxan udalerrian, eta egungo lau boluntarioek hamabi umeri eskolak ematen dizkiete, eguaztenetan, eguenetan eta barikuetan. Eskolako lanak egiteaz gain, gaitasun digitalen eta linguistikoen garapenean eta ikasteko tekniken ikaskuntzetako beharrizanak asetzea da boluntarioen zein programaren beraren helburua: “Bolondresek klaseak ematen dizkiete. Ikasleek zailtasunak izaten dituzte, batzuk hizkuntza aldetik. Laguntza ematen zaie eskolan atzean ez gelditzeko”.
Ume bakoitzaren beharrak identifikatu eta horren arabereako hezkuntza-laguntza gauzatzea da boluntarioen lana. Gainera, gurasoekin ere lan egiten dute modu osagarrian, horiek seme-alabei lagundu ahal izateko gaitasunak eskuratu ditzaten. Etxebarriak boluntario gehiagoren beharra azpimarratu du; izan ere, azaldu duenez, Bermeon “gero eta ume gehiago direla laguntza behar dutenak”. Zinegotziaren berbetan, proiektu “oso polita” da, eta boluntario izateko interesa izanez gero, aukeraksuspertzen@agintzari.eus helbide elektronikora idatzi edo 688 76 54 05 zenbakira idazteko aukera zabaldu dute.