Osasun unibertsalaren aldeko elkartasun mezua zabaldu dute ikasleek
Bizkaiko 300 ikasleek umeen osasunerako eskubideen alde egin dute gaur Gernika-Lumoko Batzarretxean, Umeen Eskubideen Nazioarteko egunean.
Haur eta gazte errefuxiatuen eskubideen alde agertu dira gaur Gernika-Lumoko Batzarretxean batutako lurraldeko 300 ikasleak. Osoko bilkura txikian parte hartu dute, Umeen Eskubideen Nazioarteko egunean, eta bertan batutako 12 eta 14 urte bitarteko gazteek ume errefuxiatuen osasunerako eskubidearen aldeko aldarrikapen berezia egin dute, tartean Barrutialde BHIkoek. Osasunari ikuspuntu desberdinetatik –osasun fisikoa, osasun mentala, osasun soziala eta osasun ekonomikoa– heltzeko beharra azpimarratu dute, baita prebentzioaren, detekzioaren eta tratamenduaren ikuspuntutik ere.
Osasuna ekintza politikoaren erdigunean jarriko duen gizartea aldarrikatu dute, eta osasuna herrialde guztiek babestu beharreko “lehentasunezko gaia” dela azpimarratu dute. Izan ere, horrela dago jasota Giza Eskubideen Adierazpenean eta Umeen Eskubideei buruzko Konbentzioaren 17. eta 24. artikuluetan. Hori dela eta, agintari politikoei euren eskubideak bermatzeko “ahal dutena egiteko” eskatu diete, “horretan lan egitea euren etorkizuna defendatzea delako, baita oraina ere”.
Umeek osasunerako eskubidearen inguruan lan egitea aukeratu dute, eta Isidro Elezgarai UNICEFeko Euskadiko Batzordeko presidenteak osasun mentala zaintzearen garrantzia gogorarazi du gaurko ekitaldian. “Tristura, mina edo antsietatea umezaroko eta nerabezaroko bizitzaren parte dira. Osasun mentala alde batera ixten dugunean, ikasteko, behar egiteko eta hartu emanak ezartzeko gaitasuna ahultzen dugu. Funtsezkoa da gure gizarteetan osasun mentalagaz erlazionatutako arazoak ez alboratzea eta estigmatizatzeari uztea”, eskatu du Elezgaraik.
Bizkaiko Batzar Nagusiek eta UNICEFek Emon ahotsa zure balioei proiektuaren barruan antolatu dute osoko txikia, eta Elezgaraik dio lurraldeko ume eta nerabeen ahotsak eta aldarrikapenak entzuteko aukera “ederra” dela: “Horrelako aukerak funtsezkoa dira ume eta nerabe bakoitzaren eskubideak aitortuta eta errespetatuta egongo diren gizarte bidezkoagoak, baketsuagoak eta inklusiboagoak garatzeko, estereotiporik eta diskriminaziorik barik, eta inor atzean itxi barik”.
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak ikasleen komunitateko kide guztiak zoriondu ditu, baina modu berezian aipatu ditu aurtengo edizioan Bizkaiko lau barrutietako ikastetxeetatik parte hartu duten 650 parte hartzaileak. Otaduik bat egin du umeen eta gazteen aldarrikapenagaz, eta ohartarazi du “garrantzitsuena” ez dela eskubide horiek ezagutzea, “eskubide horiek betetzeak eguneroko bizitzan zelan eragiten duen ulertzea eta erantzukizun etiko eta moralak hartzea baino”.