Lointek Gernika Bizkaia, Kopatik gero eta hurbilago
Domekan [azaroak 19] 78-64 irabazi zioten Cadi La Seuri Emakumezkoen Ligako 8. jardunaldian, Malosten. Open Day-ko parte hartzaileek girotu zituzten harmailak eta merezitako omenaldia jaso zuten.
Lointek Gernika Bizkaiak aurrerapauso garrantzitsua eman zuen joan den astean denboraldiko helburu nagusienetako bateri begira: Kopa jokatzea. Eguenean [azaroak 16] Embutidos Pajariel Bembibre 44-80 mendean hartu eta gero, Cadi La Seu gainditu zuen domekan [azaroak 19] 78-64ko emaitzagaz. Bi garaipenetik gernika-lumotarrak sailkapeneko 4. postuan kokatzen dira sei garaipen eta bi porrotegaz.
Domekako [azaroak 19] partidaren hasiera, eta oro har 40 minutuetako, bizitasun handikoa izan zen. Bi taldeek joko alaia praktikatzen dute eta ikuskizun ederra eman zuten. Roso Buch oso ondo moldatu zen joan-etorriko joko horretan eta ikuskizuna eman zuen bere taldea 24-12 aurreratuz. Talde kataluniarrak berehala erantzun zuen markagailuan hurbilduz 2-9ko partzialagaz. Defentsan ostera ere estutu zuten Lucas Fernandezen jokalariek eta 35-27 aurretik joan ziren aldageletara.
Hain zuzen ere, atsedenaldian Open Day-ko parte hartzaileak Malosteko kantxara atera ziren eta merezitako txalo zaparrada jaso. Era berean, haiek izan ziren harmailak girotu zituztenak animo eta abesti artean. Horri esker, Lointek Gernikak aurkarien hirukoei aurre egiteko indarra izan zuen. Cadi La Seu zonakako defentsan jarri zen eta arazoak izan zituzten gernika-lumotarrek irakurketa egokiak egiteko. Defentsan aurrerapausoa emanez eta baloiak lapurtuz kontraerasoak egin zituzten aldea handituz. Gabby Nikitinaitere hiruko batek bideratuta utzi zuen lehia 69-51koagaz 6:40 minuturen faltan. Hortik aurrera errenta eta denbora kudeatzea besterik ez zen izan.
Eguenean [azaroak 23] 20:30ean Lointek Gernika Bizkaia Eurocup Womenera itzuliko da Montpellierren aurka, Frantzian. Gernika-Lumotarrak garaipen eta porrot bana dute eta ligaxkako azken bi partidak etxetik kanpo jokatuko ditu. Bereziki garrantzitsua Sosnowiec talde poloniarraren aurkakoa izango da azaroaren 29an. Aurkari zuzenak dira eta Malosten 19 puntugatik irabazi zuten Lucas Fernandezen jokalariek.