Adineko antzerki taldekoek beteko dute oholtza
Bihar, etzi eta eguaztenean, Hirugarren Adinekoen XVI. Aste Kulturalean parte hartuko dute Gure Arbola Zaharra antzerki taldekoek, Etxebarriko taldekoekin eta Berriatuko abesbatzakoekin batera. Gernika-Lumoko antzerki taldeak bere lan berria estreinatuko du: 'Locuras no contagiosas'.
Hamaseigarren urtez, Hirugarren Adinekoen XVI. Aste Kulturala antolatu dute Gernika-Lumon, eta bertan egongo dira udalerriko Gure Arbola Zaharra antzerki taldeko kideak. Horiez gain, Etxebarriko antzerki taldekoek eta Berriatuko Abesbatzakoek ere parte hartuko dute kultur astean. Horiek horrela, bihar, etzi eta eguaztenean, 17:30ean hasita, Elai Alai aretoko oholtza beteko dute adinekoek, eta denetariko ikuskizunak ikusteko aukera izango dute herritarrek.
Hirugarren Adinekoen Aste Kulturala ospatu den hamasei urteetan, urtero-urtero parte hartu du udalerriko antzerki taldeak, eta aurten ere, bertan estreinatuko dute azken lana: Locuras no contagiosas. Mila Artetxeren zuzedaritzapean, 11 lagunek antzeztuko dute ikuskizuna, eta ama-alaba batzuen bizimoduari buruzko nondik norakoak kontatuko dituzte taulagainean.
Ohikotasunetik kanpo dagoen bizimodu bat erakutsiko dute ama-alabek. “Amak lasai bizi nahi du, baina alabak euren erara bizi dira berarekin, bizitzaz gozatzen ari dira. Guztiz desberdinak dira, gainera: bata arduragabea da, eta bestea, oso arduratsua. Amarekin bizi dira, eta amak bere alabak etxetik joatea gura duen arren, horiek ez dira independizatzen. Etxean jarraitzen dute”, azaldu du Artetxek. Kontatu du familia horrez gain, bestelako pertsonaiak ere agertuko direla antzezlanean, ama-alabak erotuta daudela uste dutenak. “Bakarrik hitz egiten duen beste pertsonaia bat ere agertuko da, denetariko bizimoduak kontatuko dira”, gehitu du.
Bizitzeko modu ezberdinek hartuko dute Elai-Alaiko oholtza bihar, baina denek ala denek ondorioztatuko dute elkarregaz egotea dela “bizitzeko modurik egokiena”. “Elkarregaz egotea, elkarren konpainiaz gozatzea eta inor ez baztertzea dela aukera onena ikusiko dute ikusleek”, aitortu du zuzendariak. Erokeriak batzuetan “politak” direla dio Gure Arbola Zaharra antzerki taldekoak.
Irailean hasi ziren antzezlana prestatzen, eta bihar estreinatuko duten arren, Gernikatik kanpo ere euren lana erakutsiko dutela diote: “Elkartrukeak egiten ditugu, eta adinekoen egoitzetara ere joaten gara. Aurten, urteroko bira horrekin jarraitzea da asmoa”.
Talde egonkorra.
Antzezten eta abesten onenak izatea baino, parte hartzaileen helburua norbere burua balioan jartzea eta aktibo sentitzea dela adierazi du Artetxek. Burua zein gorputza martxan jartzeko asmoz sortu zuten aste kulturala, eta lanean jarraitzen dute. “Jubilatu eta gero bizitzen jarraitzen dugu, ez diogu gauzak egiteari utzi behar. Ondo pasatu eta aktibo sentitu behar gara, eta horretarako aukera aproposa da antzerki taldea”, adierazi dute antzerki taldeko kideek aho batez. “Ilusioz beteta” entseatzen dute, eta jubilatu ostean badagoela “zer egin” erakusten dute.
Entseatzen “ondo pasatzen” dutela azpimarratu dute, eta harremantzeko modu eroso bezain polita dela diote. “Terapia bat da. Biltzeko, ondo pasatzeko eta harremanak indartzeko sarea da. Hamazazpi urte daramatzagu antzerki taldean batzen eta elkarregaz egoten, eta oso ondo konpontzen gara. Pozez zoratzen etortzen gara”, adierazi dute.
Hala ere, badakite gero eta antzerki talde gutxiago daudela. “Pandemiaren eraginez talde asko desagertu ziren. Lehen lau antzezlan taularatzen genituen aste kulturalean, baina gaur egun oso zaila da hori lortzea”, adierazi du Artetxek. Kontatu du lehen Bilbora, Oñatira, Urretxura, Ortuellara edo Balmasedara joaten zirela besteren artean, baina herri horietako askotan gaur egun ez dagoela antzerki talderik dio. Hala, jardunaldi hauekin belaunaldi berriak taldera batzea bilatu gura dute: “66 urtetik 89 urtera artekoak batzen gara, eta herritar guztiak dira ondo-etorriak. Talde zabala da, eta gustatuko litzaiguke jendea bertaratzea”.
EGITARAUA.
Bihar, azaroak 21.
17:30. Gure Arbola Zaharra taldekoek Locuras no contagiosas lana antzeztuko dute, Elai Alai aretoan.
Etzi, azaroak 22.
17:30. Etxebarriko taldeak Menuda escuela, ¿A que venia yo? eta ¿Da usted candela? obrak erakutsiko ditu Elai Alai aretoan.
Bihar, azaroak 21.
17:30. Berriatuko Abesbatzaren korua Elai Alai aretoan.