Musika, arma; parranda, munizio
Ekain Monge Ozamiz gernika-lumotarrak eta Imanol Ziluaga Esteban ibarrangelutarrak osatzen dute Gorriontxu eta Laztana proiektua. Euskal Herriko hamaikatxo plaza girotu dituzte, musika ipiniz.
Modurik soilenean elkartu ziren Ekain Monge Ozamiz gernika-lumotarra eta Imanol Ziluaga Esteban ibarrangelutarra, musika ipintzeko. Duela urte eta erdi inguru, Arrano Egunerako musika jartzailea behar zela eta, adiskideak bildu egin ziren. Izen baten pean aurkeztu beharra zuten, baina. Sasoi hartan Roberwido youtuber busturiarraren bideoak pil-pilean zeuden eta bere esaerak (“Gorriontxu” edota “laztana”), ostera, ahoz aho zebiltzan. Putzu hartatik atera zuten ura; modu hartan jaio zen Gorriontxu eta Laztana musika proiektua.
Urte eta erdi inguruan, 30 sesio inguru egin dituzte
Arranoko estreinaldiaren ostean, erreskadan etorri ziren Bilboko emanaldia, gero Zornotzakoa… eta, urte eta erdian, 30 saio inguru eman dituzte. “Etengabeko hobekuntza” eduki dutela dio Ziluagak: “Hasieran, nahikoa txukun egiten genuela uste arren, denboragaz kargutu ginen abestien arteko trantsizioak edota emanaldien egituraren planteamendua landu behar genituela; behin hausnarketok eginda, kalitate jauzia egin dugula esango nuke”. Musika jartzeaz gain, abestiak nahastu ere egiten dituzte, “bereizgarria den zerbait” bilatuz.
Asko jo dute. Hainbat tokitan. Denetariko plazetan. Mongeren arabera, ez dute gura jendea “euretaz nazkatzerik”, eta zenbait hitzorduri ezezkoa eman behar izan diete. Beren burua ez dute ikusten ez guztiz musikaritzat, ez DJ modura. “Garrantzitsuena da musikazale amorratuak garela eta etengabe hobetzeko gogoz gaudela; gainontzekoak etiketak dira, ez zaizkigu interesatzen”.
Ziluaga: “Musika hainbat irizpideren arabera egokitu behar da, ez baitaude berberak diren agertoki bi”
Ziluagak eta Mongek lanak hartzen dituzte sesioak atontzeko. Euren saioek ez dute gidalerro egonkorrik, “crossover izaera” dute: hainbat estilok bat egiten duten bidegurutzea da beraiena. Moldagarritasuna dute ikur: “Musika hainbat irizpideren arabera egokitu behar da, ez baitaude berberak diren agertoki bi. Herria edo ingurunea, zonalde euskalduna den ala ez, ordutegia, saioaren iraupena, giroa bera… hainbat eta hainbat dira aintzat hartu beharreko alderdiak”. Gainera, sarritan inprobisaziora jotzen dute: “Abesti berriak gehitzen ditugu batzuetan eta ordenak aldatu; horrek freskotasuna eta bat-batekotasuna ematen dizkigu”.
Sesioen batez besteko iraupen ideala ordu bikoa litzatekeen arren, agertokian eroso daudenean “gustura asko” luzatzen dituzte. “Zornotzan, adibidez, 09:30ak arte aritu ginen, eguna sobera argituta zegoela; Gasteizko txosnetan, aldiz, lauzpabost orduz ipini genuen musika”, azaldu du ibarrangelutarrak.
Hizkuntza, estiloez harago.
Musika jartzerakoan aipatutako irizpideei “buelta asko” ematen dizkieten arren, musika ez dute estilistikoki ulertzen. Mongek barne eztabaidagai bi plazaratu ditu: “Batetik, euskararen gaia; bestetik, reggaetonarena”. Bikoteak argi eta garbi dauka hizkuntza hautua euren zutabeetako bat dela, “estiloen, taldeen edota modako musikaren gainetik”. Era berean, ez diote ezeri aterik zarratu gura. “Saioak anitzak izatea dugu helburu, momentuagaz ondo ezkontzen dutenak, eta reggaetona aukera erabilgarria izan daiteke”.
Monge: “Itsasoa gara pila bat gustatzen zaigun kanta horietako bat da, baina hasieratik ulertu genuen gau girora eroan behar genuela”
Egoerarekiko moldagarritasun edo mimestismo horren erakusle da Ken Zazpiren Itsasoa gara abestiak jasotako hibridazioa. “Pila bat gustatzen zaigun kanta horietako bat da, baina hasieratik ulertu genuen gau girora eroan behar genuela. Musika teknologikoz jantzi genuen, abestiari beste molde bat eman genion, eta ondo funtzionatzen du, adibidez, hain euskalduna ez den eremuetara eroatean; jendeari errazago sartzen zaio belarrietatik; bertsio originalagaz, agian, ez luke funtzionatuko”.
Taula gainekoei begira aritzetik taula gainetik begira aritzera pasatzeagaz batera, Monge eta Ziluagari “hirugarren belarri bat” garatu zitzaien; radar antzeko bat da, beti ekarpenen iturriaren egarri dena. “Parrandan atera, norbait musika ipintzen ikusi, eta kantaren batek jendartean ondo funtzionatzen duela konturatzen garenean, apuntatu egiten dugu; parekoa gertatzen da kanta jakin baten hitzek astintzen gaituztenean. Inkontzienteki bada ere, adi egon ohi gara, ideia berriak edozein tokitatik etorri daitezkeelako”.
Monge: Foruan izugarri ondo pasatu dugu beti, Irribarre batez gogoratzen dugun plaza da, erosotasunagatik”
Kilometroz betetako urtea izan da eurentzat, baina adiskideak bat datoz bereziki gustura egon diren plazak aukeratzerakoan. Horietako bat Foruko jaietakoa da. “Han, izugarri ondo pasatu dugu beti. Oholtza handian aritu ordez, txosnagunean ibili gara, horrek dakarren jendearekiko hurrekotasunagaz. Lagunak ere beti egon dira bertan. Irribarre batez gogoratzen dugun plaza da, erosotasunagatik”.
Ziluaga: “Espektatibarik handienak inguruko emanaldietan izaten ditut”
Lagunarteko aldartea, giro euskaltzalea eta parrandarako gogoa dauden artean, “edonon aritzeko prest” legoke bikotea, baina badute preferentziaren bat edo beste. Mongek Gasteizko Jimmy Jazz aretoa du begiz jota. Ziluaga, aldiz, ez doa hain urrun: “Espektatibarik handienak inguruko emanaldietan izaten ditut. Hurbilekoen aurrean, sarri, saioak luzatzeko aukera egoten da; guri ordu txikitan amaitzea asko gustatzen zaigu”.
Urte barriagaz, etenaldia.
Urtea amaitu orduko, saio pare bat ematea daukate aurreikusita. “Aste batzuk barru, Leitzan egongo gara, eta baliteke beste nonbait ere aritzea”. Edozelan ere, urtarril eta abuztu artean, etena egingo dute, kideetako bat atzerrira joango baita. Udan, baina, jo eta su jarraitzeko asmoz daude: “Proiektu honegaz izugarri ondo pasatzen dugu; jende ugari ezagutzeko aukera ematen digu. Horrek horrela segitzen duen bitartean, aurrera egiteko prest egongo gara”.