Historiaurreko giza taldeen mugikortasuna aztertuko dute
Neolitiko garaitik metalaren garaira adinera bitarteko giza taldeen lurraldeari eta mugikortasunari buruz berba egingo dute Urdaibaiko 26. Arkeologia jardunaldiek.
Astelehenetik zapatura bitartean, Gernika-Lumon egingo dituzte Agiri Arkeologia Elkarteak antolatzen dituen aurtengo Urdaibaiko Arkeologia Jardunaldiak. Bi urtean behin prestatzen dituzte, eta aurtengo 26. ekitaldian, historiaurreko giza taldeek Euskal Herrian izan zuten mugikortasunaz ariko dira. Hala, silexaren, boli edo marfilaren eta alpetar jadeitaren bitartez, herriak, ideiak eta ospe handiko objektuak leku batetik bestera zelan mugitu ziren aztertuko dute jardunaldietan.
Hiru hitzaldi, dokumental eta mahai-inguru bat eta irteera bat egingo dituzte aurten. Hiru hitzaldiak lurraldeari eta mugikortasunari buruzkoak izango direla argitu du Juan Carlos Quintana Tana Agiri Arkeologia Elkar-
teko kide eta jardunaldien antolatzaileak. Dokumentalak, berriz, gaur egun Larrabetzun egiten ari diren 36ko gerrari buruzko indusketa bati egiten dio erreferentzia, eta zapatuko irteeran, Urdaibain leku ezezaguna den Maumeko Erdi Aroko galtzada ezagutuko dute parte hartzaileek.
“Europan boladan dagoen gaia da lurraldeari eta mugikortasunari buruzkoa. Eta aurtengo jardunaldietan, k.a. 5.000 urtetik k.a. 3.000 urtera arteko denbora tarte horri egingo diogu erreferentzia; hau da, neolotikoaren garaitik metalaren adinera bitarteko materialak aztertuko ditugu”, azaldu du Quintanak. Horretarako, mugikortasuna hoberen definitzen duten hiru elementu izango dituzte oinarrian: bolia, silexa eta jadeita. “Mugikortasunaz ari garenean, Europako hego mendebaldeko globalizazioari egiten diogu erreferentzia; izan ere, garai horretan eta eremu horretan, ideiak, objektuak, lehengaiak edota pertsonak distantzia luzeetan mugitzen hasi ziren”, zehaztu du arkeologoak.
Hala, jardunaldien lehen saioan, Euskal Herrira bolia zelan iritsi zen ezagutuko dute parte hartzen dutenek. Izan ere, Erik Arevalo ikertzaileak bolia Euskal Herrian zein lekutan aurkitu duten adieraziko du: “Oraingoz, oso objektu gutxi aurkitu ditugu. Guk induskatu genuen Gorbeiako trikuharri batean baditugu zenbait aztarna, baita Araban edota Muskizko hilobi batean ere”. Boli hori zelakoa den edo nondik datorren azalduko du Arevalok.
Arturo Lombeda ikertzaileak jadeita harriari buruz berba egingo du, neolitiko aurreratuko garaiko haitza delako. “Garai horretan modu oso espezializatuan hasi ziren haitz hori lantzen Alpeetan, eta handik Europa osora zabaldu zituzten artisau espezializatuen ekoizpenak”, azaldu du Quintanak. Jateitagaz egindako aizkora bat Dimara ailegatu zen, eta Lombedak zelako bidea egin ahal izan zuen azalduko du. “Oso erakargarria iruditzen zaigun saioa izango da, aizkora horien esportazioa zelakoa izan zen kontatuko duelako. Izan ere, duela 5.000 urte objektu batek 800 kilometro zelan egin zituen aztertuko du”, azaldu du Quintanak. Ez direla aztarna asko aurkitu adierazi du, eta horietako bat Bilboko Arkeologia Museoan dagoela esan du.
Silex barietate ezberdinak ere “distantzia oso luzeetan” mugitzen hasi ziren garai hartan, eta horri buruzko ikerketa bat egiten ari da Aitor Sanchez ikerlaria. Hain zuzen ere, gai hori izango du aztergai. Egueneko dokumentala, berriz, Larrabetzuko 1937ko burdinezko gerrikoari buruzkoa izango da, eta horrek Gernikako bonbardaketagaz daukan loturari buruz ere ariko dira: “Burdinezko gerrikoari buruz Larrabetzun indusketa bat egiten ari da Iñaki Libano, eta berak zuzenduko du saioa. Aurkikuntzen eta horien emaitzen berri emango du. Esan didanez, zeinbait berritasun eskainiko ditu”.
Juan Carlos Quintana: “Itzalpeko lana da gurea, eta ikertutakoa erakutsi egin behar dugu, gordetzeko”
Maumeko Erdi Aroko galtzadara ere joango dira jardunaldien baitan eta, bertan, galtzadaren nondik norakoak azalduko ditu Quintanak berak. “Nik historiaurrea ikertzen dut, baina Erdi Aroko galtzada horrek harrapatuta nauka. Jendeari asko gustatzen zaio, eta energia asko dauka”. Hala, aurten aurkitutako galtzadaren zati berrien berri ere emango du.
Zabalkundea.
Quintanak azpimarratu du aurtengo hizlari denak, Lombera salbu, Agiri Arkeologia Elkarteko kideak direla, eta adierazi du horien lana balioan jartzea bilatu dutela jardunaldiekin: “Garrantzitsua da jendeari erakustea zer aurkitu den, zer ikertzen gabiltzan eta ze emaitza lortu ditugun”. Uste du arkeologoen lana “ezkutukoa” dela, eta ezezaguna den behar hori egiten dutenei izen-abizenak jartzeko balio dutela jardunaldiek: “Jardunaldiek balio dute ezezaguna den lana ezagutarazteko. Ezezaguna izan ohi da ikerlarion lana, ezkutuan ikertzen dugulako dena eta ez gaudelako begi bistan. Baina iraganean gertatutakoak jasotzen ditugu, eta ondorio garrantzitsuak atera”.
Iraganeko garaiei buruzko ikerketa lana “oso garrantzitsua” dela azpimarratu du, “iragana balioesteko eta iraganeko elementuak kontserbatzeko”. Quintanaren berbetan, jardunaldi hauen helburu garrantzitsuenetako bat da jendeari ikusaraztea iraganeko aztarnak gorde beharreko elementuak direla, “gorde beharreko memoria“.
Ikertzearen, kontserbatzearen eta ikertutakoa zabaltzeko metodoaren alde egingo dute oraingoan ere. “Ezagutzen ez ditugun elementuak ez dira balioan jartzen, ez eta babesten ere. Ondorioz, garrantzitsua da ikertutakoari zabalkundea ematea eta jendeari ikertutako horri buruzko kontzientzia piztea”, dio. Uste du Urdaibai leku “pribilegiatua” dela memorian sakontzeko, eta herritarrak arkeologia jardunaldietan parte hartzera deitu ditu. “Gure lana itzalpeko lana da, eta ikertutako guztia erakutsi egin behar dugu, hori gordetzeko”.
Egitaraua
Astelehena, azaroak 20
18:30. Bolia Euskal Herrian? Lehengaien mugikortasuna historiaurre hurbilean izeneko hitzaldia, Erik Arevalo ikerlariagaz, kultur etxeko areto berrian.
Martitzena, azaroak 21
18:30. Historiaurreko autobideak: silexa, giza taldeen mugikortasunaren adierazle saioa, Aitor Sanchezegaz, kultur etxeko areto berrian.
Eguaztena, azaroak 22
18:30. Arturo Lomberak zuzenduta, Nola iritsi zen honaino Dimako aizkora? Jatorri alpetarreko jadeita harrien hornitzea,
fabrikatzea edo banatzea hitzaldia, kultur etxeko aretoan.
Eguena, azaroak 23
18:30. Dokumentalaren proiekzioa: Arqueologia del Cinturon de Hierro de 1937 en Larrabetzu. Ostean, indusketak Gernika-Lumoko bonbardaketagaz duen loturari buruzko mahai ingurua, kultur etxeko areto berrian.
Zapatua, azaroak 25
09:30. Agiri Arkeologia Elkarteagaz, irteera Maumera. Erdi Aroko Galtzada ezagutuko dute.