Eako Udalak auzo batzarrak deitu ditu
Natxituko bolatokian elkartuko dira bertako bizilagunekin gaur [azaroak 17] 19:00etan. Bihar, berriz, Eskolondon izango da batzarra, 12:00etan. Bedaronako deialdia domekarako egin dute; 12:30ean izango da bertako txokoan.
Herritarrei udaleko informazioa emateagaz batera, herritarren proposamenak eta iritziak jaso zein euren kexak eta arazoak ezagutu gura dituzte, eta herritarrei auzo batzarretan parte hartzeko deia egin diete Eako udal ordezkariek.
Francis Ziloniz Eako alkateak esan bezala, 2024rako udal aurrekontua laster onartuko dute, eta, beraz, uste dute garai egokia dela udal gobernuaren asmoak azaltzeagaz batera, “herritarrek esan beharrekoak entzuteko”, denen artean “herria hobetzeko ideiak” aztertzeko: “Ekainean osatu genuen udal gobernu berria, eta hilabeteotan lan eta lan ibili gara udaletxean. Bada sasoia herritarrekin batzeko. Ibilbide bat badaukagu, eta baita aurrera begirako asmoak ere. Hauteskundeetara herri programa bategaz aurkeztu ginen, gure berba eman genuen, eta guretzat hori benetako konpromisoa da. Gauza asko hobetu litezkeela badakigu, eta horretarako herritar denak kontuan izan gura ditugu, den-denak”.