Agustin Ibarrola hil da
Soslaia: 'Basoaren gidari espirituala'
Euskal artearen eta pintura doluz daude. Adierazpen artistikoaren ikurrik esanguratsuenetako bat, Agustin Ibarrola Goikoetxea (1930-2023), zendu da gaur [azaroak 17]. Jaiotzez basauriarra izan arren, Kortezubigaz hartu-eman oso estua eduki zuen bere bizitza osoan zehar: Omako Baso Margotu entzutetsuaren egilea izan zen, eta izen bereko auzoa aukeratu zuen bizitoki legez.
Arte garaikidea euskal nortasunaren eta historiaren erroekin uztartzeko hautua hartu zuen gazte-gaztetatik. 1948an abiatu zuen bere ibilbide artistikoa, Madrilen, Daniel Vazquez Diazen gidaritzapean. Hain zuzen ere, arte alor horren euskal proiekturik azpimarragarrienetako batean murgilduta egon zen: 50eko hamarkadan, Arantzazuko santutegiaren obretan parte hartu zuen. Hasieran mural bat margotzeko asmoa erakutsi baldin bazuen ere, egitasmo hori ez zen gauzatu azkenean.
Hamarkada bat beranduago, Euskal Arte Eskolaren bultzatzaile nagusia izan zen, baita hainbat arte eta kultur korronteren parte hartzailea ere: Gaur, Emen, Orain edota Danok. Diktadura frankistak iraun artean, PCEko militantea izan zen. Ez hori bakarrik: kartzela ere zapaldu zuen, langile mugimenduaren alde egindako adierazpenak tarteko. Birritan egon zen espetxean: 1962tik 1965era eta 1967tik 1973ra.
Hainbat hamarkadatan egindako ekoizpen ibilbide oparoan, denetariko obrak egin izanagatik da ezaguna Ibarrola. Jorge Oteiza, Luis Aguilera eskulturagileak, eta Angel eta Jose Duarte eta Juan Serrano margolariak lagun izan zituela, 57 Taldea izeneko talde kulturala sortu zuen, 1957an, Parisen. Talde hark, besteren artean, Arte Ederren Merituzko Urrezko Domina irabazi zuen, 1993an.
Euskal Herriaz harago, Espainiar Estatuan ere lan ugari egin zituen bere bizitzan zehar: Llanesko (Asturias) Memoriaren Kuboak, Madrilgo Principe Pio geralekuko Totemen Basoa, Muñogalindoko (Avila) Garoza, eta abar luze bat.
Ibarrolak bere baso margotua lekualdatuta eta berrinaguratuta ikusteko astia eduki du. Horrez gain, gaur bertan, Papera ardatz 1997tik 2022ra artean egindako formatu txiki eta ertaineko bere obren erakusketa inauguratu behar zuten Durangoko Museoan. Egilearen heriotzak bertan behera laga du inaugurazio ekitaldia; ondorioz, bihar [azaroak 18] zabalduko dute erakusketa, eta urtarrilaren 28ra arte ikusgai egongo da.