Olatz Arrizabalaga, lau t'erdiko final-laurdenen atarian
Gernika-lumotarrak domekan [azaroak 19] txapelketako lehen partidua, final-laurdena, jokatuko du Leire Garai gasteiztarraren kontra, Orozkoko Zubiaur frontoian.
Olatz Arrizabalaga pilotari gernika-lumotarrak lau t’erdiko txapelketako final-laurdenak jokatuko ditu datorren asteburuan. Hain zuzen ere, domekan [azaroak 19], 12:00etan, Orozkoko Zubiaur pilotalekuan Leire Garai gasteiztarraren kontra neurtuko ditu indarrak. Txapelketako lehendabiziko partidua izango da Arrizabalagarentzat; bigarrena, ostera, Garairentzat, final zortzirenetan gailenduta egin baitu aurrera lehiaketan. “Norgehiagoka oso gogorra” izango dela adierazita, bakarkako modalitate “bereziari” ekiteko prest dago gernika-lumotarra: “Esku aldetik, oso ondo nago; joko aldetik ere, beste horrenbeste. Edozelan ere, lehen hitzordua hain partidu gogorra izatea ez da batere erraza izango”.
Denboraldiaren zatirik handienean bikoteko jokatzen du Arrizabalagak eta, ondorioz, “oso murritzak” dira buruz buru jokatzeko edukitzen dituen aukerak. Hori dela eta, “zenbait zalantzagaz” hartuko ditu lau t’erdiko final-laurdenak: “Lehen tantoak gako izango dira, bene-benetan zelan nagoen ikusteko; modalitate esplosiboagoa da eta, zentzu horretan, aurretiaz partiduren bat edo beste jokatu izana eskertuko nukeen, batez ere, Garaik jadanik partidu bat jokatuta duelako eta erritmo gehiagogaz kantxaratuko delako”. Aurkariari dagokionez, arabarra sobera ezagutzen du, urtean zehar “hainbatetan” jokatu baitu bikoteko haren kontra.
Olatz Arrizabalaga: “Materiala giltzarri izan daiteke, pilota biziagaz min handia egin diezaidalako sakeetan nahiz erremateetan”
“Eraso partidua” izango dela aurreratu du gernika-lumotarrak. “Biok ala biok erasora jotzea atsegin dugun pilotariak gara, eta horren erakusle dira iaz elkarren aurka jokatu genituen lau t’erdiko final-laurdenak. Materiala ere giltzarri izan daiteke, pilota biziagaz min handia egin diezaidalako sakeetan nahiz erremateetan”. Alde horretatik, frontoiak ere zeresana eduki dezake. Arrizabalagak agertoki “dotorea” dela azaldu du, bere jokoari egokitzen zaiona: “Gehienetan palaz jokatu dut han, eta ez hainbestetan eskuz. Dena dela, kantxa luzea da; hori neure mesedetan baliatu dezaket”.
“Amaia Aldai da faborito nagusia, baina bai Enara Gaminde, bai Goiuri Zabaleta kontuan eduki behar dira
Begi denak Aldairi begira. Final-laurdenetan gailenduz gero, Arrizabalagak finalerdietara jauzia egin luke. Neurketa hori abenduaren 6an jokatuko dute, 12:00etan, Abadiñoko San Trokaz pilotalekuan. Enara Gaminde laukiztarraren eta Goiuri Zabaleta leitzarraren aurkako partiduan nagusitzen dena edukiko luke aurkari. Txapelketa poltsikoratzeko hautagaia, baina, beste bat dela adierazi du gernika-lumotarrak: Amaia Aldai dimoztarra. “Iazko garailea da, horrek esan gura duen guztiagaz. Bera da faborito nagusia, txapelketa bikain egokitzen baitzaio. Aldaiz gain, bai Gaminde, bai Zabaleta kontuan eduki behar dira. Biak pilotari oso gazteak dira, progresio bete-betean daudenak, baina maila oso handian ikusten ditut”. Lau t’erdiko txapelketako finala abenduaren 17an jokatuko dute, Durangoko Ezkurdi frontoian.