Lur Uribarren Ama Dablam tontorrera iritsi da
Urtarrileko lehen saiakeran amore eman ostean, Lur Uribarren Salaberria elantxobetarrak Himalaiako Ama Dablam (6.812 metro) mendia igotzea lortu du.
Lur Uribarren Salaberria mendi gidari eta alpinista elantxobetarrak Ama Dablam mendiaren gailurra harrapatu du, Himalaian. “Amets bat bete duela” adierazita, Uribarrenek 6.812 metroko mendia konkistatzeko eduki dituen zailtasunak nabarmendu ditu. Haizearen “arriskupean” aritu da Elantxobekoa; ufadarik bortitzenei aurrea hartzeko, oinarrizko kanpalekutik gailurrerainoko bidea egun bitan egin du. Horietako lehendabizikoan, oinarrizko kanpalekutik C1 kanpalekura egin du; bigarrenean, ostera, C1etik tontorrarera, eta tontorretik oinarrizko kanpalekura itzulerako bidea. Azken egun horretan, hain zuzen ere, 22 orduz aritu zen eten barik.
Egun, oinarrizko kanpalekuan dago Uribarren, “oso nekatuta baina pozarren“. Besteren artean, Jorge Egoetxea alpinista lagun duela egin du igoera. Aitortu du denbora luzez ibili dela helburu horren bila, eta orain hori lortzeak dakarren “poztasunagaz” dagoela. Izan ere, urtarrilean beste saiakera bat egin zuen Ama Dablam igotzeko estreinako saiakera, baina orduan ez zuen lortu. Ingurunearen teknikotasuna eta haizea eduki zituen aurkari; oraingo honetan, baina, ez du hutsik egin.