Hasierako fokua galdu barik, hamar urteko argazkia
2023ko udazkeneko kanpainagaz, 10 urte bete ditu Errigorak. 14.000 saskitik gora banatuko dituzte hurrengo egunotan, eta Nafarroa erdialdeko nahiz hegoaldeko euskalgintzak 18.500 euroko hauspoa jasoko du. Busturialdean, 361 saski banatuko dituzte.
Hastapeneko, duela hamar urteko, “argazki bete-betean berrosatzeko” deia luzatu zuen Errigorak urriaren 20an, 2023ko udazkeneko kanpainaren aurkezpenean. Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka lelopean, saskiak eskatzeko deialdia luzatu zuten, mezu argi eta garbiagaz: “Garenak, izan garenak eta izan nahi dugun guztiak batu nahi ditugu”. Herritarrek dei horri jaramon egin diote: 14.000 eskari baino gehiago egin dituzte. Eskaerokin, Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzari bultzada emango diote. Hain zuzen ere, 18.500 euroko laguntza jasoko dute Ager eremuko AEKk; Tuterako, Lodosako eta Vianako ikastolek nahiz eskoletako D ereduko lerroak; eta Agerraldiak. Busturialdeko bizilagunak ez dira gutxiago izan: 361 eskaera egin dituzte udazkeneko kanpainan. Bost udalerritatik egin dituzte eskaerak: Bermeotik (62 eskaera), Busturitik (5), Eatik (125), Gernika-Lumotik (144) eta Ibarrangelutik (25).
Buñuelen, kutxaz beteriko kamioien aurrean, egin dute asteon agerraldia Errigoraren komunitatea osatzen duten hamarnaka lagunek. Hamar urteko argazkia berrosatze aldera, udazkeneko kanpainak utzitako “hamaikatxo argazki” nabarmendu dituzte: Ikastola, eskola, euskaltegi eta ekoiztetxeetarako kutxetan sartutako esker on postalak; Ablitasen ehunka boluntariok kutxak muntatu eta paleetan atondu zituztenekoa; AEKren Bilboko euskaltegietan Pituxa Klown-ek egindako emanaldiak; kanpaina bezperan, Agerraldiaren eskutik, Gure Zirkua Tafallan izan zenekoa; eta, batez ere, herriz herri antolatutako “ekimen xumeak”, hala nola, Markina-Xemeingoa.
Bi milioi euro. Aurtengo udazkeneko kanpainaren hobariekin eta bide horretan guztiorretan lortutakoak aintzat izanda, Errigorak hamar urteotan bi milioi euroko ekarpena egin dio euskalgintzari. Lorpen horregatik eta erakutsitako “konpromiso nahiz jarrera eraikitzaileagatik”, Errigorako kideek “eskerrik beroenak” eman dizkiete parte hartu duten herritarrei.