'Fabula antifabulak' emanaldiagaz amaituko du ikasturtea MusEkintzak
Euskal Herria Museoak zapatuan [azaroak 18], 13:00etan, hartuko du Miren Agur Meabe, Mikel Inunziaga, Sonia Rueda eta TRACKEN estudioaren obra.
MusEkintzak, Bizkaiko museoetako arte eszenikoen Jaialdiak, azaroan bi ekitaldi izango ditu, ikasturtea borobiltzeko; horietako bat Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan izango da. Datorren zapatuan [azaroak 18], Miren Agur Meabek, Sonia Ruedak, TRACKEN estudioak eta Mikel Inunziaga Inun musikariak Fabula antifabulak izeneko ikuskizuna emango dute.
Emanaldiak ardatz nagusi bi edukiko ditu: batetik, Meabe lekeitiarrak, 2021.urteko Poesia Sari Nazionalaren garaileak, ikusleak unibertso magiko eta oroitarazle batean murgilaraziko ditu; bestetik, Inun zornotzarrak bere ahotsak eta gitarrak jositako musikagaz hornituko du obra. Emankizuna Ruedaren ilustrazioek osatuko dute; ilustraziook bizia hartuko dute TRACKEN estudioaren animazioen bitartez. Bidaia “ozena, bisuala eta ñabarduraz beterikoa” izango dela aurreratu dute zikloaren antolatzaileek.
Doako emanaldia 13:00etan hasiko dute, eta hura ikusteko aurretiaz erreserba egin beharko dela iragarri dute; horretarako 94-625 54 51 telefono zenbakira deitu beharko da.