Sukarrietako Arraun Elkartea birfundatzeko ahaleginetan dabiltza
Historikoki txalupekin egiten zen arrauna berreskuratu eta sustatu gura du Sukarrietako Udalak.
Garai batean Sukarrietan egoten zen arraun elkartea birfundatzeko asmoa dauka Sukarrietako Udalak. Hori bai, argi utzi gura dute, Sukarrietako Arraun Elkartea ez litzatekeela egongo lehiaketetara begira, baizik eta, historikoki txalupekin egiten zen arrauna berreskuratu eta sustatu gura dute.
Sukarrietako alkate Jaime Oruetak azaldu du, Sukarrietan Kantauriar Isurialdeko egurrezko txalupa klasikoen parkerik handienetako bat dagoela, “ez bada handiena”. Uste dute hori sustatu beharreko gauza bat dela, eta Arraun Elkarteak horretan lagundu dezakeela: “Jende gehiago animatu daiteke txalupetan arraunean. Elkarteak ikasteko aukera eman dezake. Hala, kirola egiteaz gain, arrauna batetik bestera mugitzeko aukera eman dezakeen jarduera dela zabaltzeko aukera eman dezake elkarteak, motordun txalupen alternatiba modura”.
Udalaren asmoa da Sukarrietako Arraun Elkarteak erabilera publikoa izango luketen txalupak edukitzea: “Modu horretara, txalupak ez daukatenek arraunean egiteko aukera izango lukete, arraun egiten ikasita”. Sukarrietan dagoen egurrezko txalupa klasiko bat errefentzia hartuta, molde batzuk egin eta zuntzezko txalupak sortzea gustatuko litzaieke: “Mantenu gutxiago eskatzen du zuntzak, egurra delikatuagoa delako eta gehiago zaindu behar delako. Jende askok erabiliko badu, zuntzezko txalupak izatea hobeto. Hala, egurrezko txalupa klasiko baten erreplikak egin gura ditu udalak”. Mota horretako txaluparen bat gainera, Kanalan egotea gura dute.
Kirol ludikoa sustatuko lukeen arraun elkartea izango litzateke Sukarrietakoa. Denetarako moduan, dirua behar dela gogorarazi dute, eta diru laguntza desberdinak eskatuko dituztela azaldu dute udal arduradunek, “proiektua polita” delako: “Betiko arrauna bultzatuko luke, eta itsasadarrean barrena arraunean egiteko aukera emango luke”.
Alkateak gogora ekarri du Sukarrieta Arraun Elkartea 1976an sortu zela: “Orduan ez zegoen digitalizaziorik. Orain, saiatu gara arraun taldea aktibatzen, berriro ere martxan jartzeko, baina ez dugu erregistrorik inon aurkitu. Hortaz, kluba birfundatu gura dugu, orduko berdina izateko. Hori bai erregistro berria eroan beharko du”. Udaletik sustatu gura da, nahiz eta gero elkarteak bere bidea egingo duen: “Helburua da Sukarrietako Arraun Elkarteak jarduera desberdinak antolatzea, Sukarrietako Udalaren laguntzagaz. Baina, jarduera independentea izatea gura dugu, bere aurrekontuagaz”.