Open Day, kirol egokituari ikusgarritasuna emateko eguna
Adimen urritasuna daukaten kirolarien ligako Open Day eguna ospatuko dute domekan Gernika-Lumon. Zortzi taldek lehiatzen duten ligako bigarren jardunaldia izango da, eta aurrez aurreko guztiak Santanapen jokatuko dituzte.
Adimen desgaitasuna duten kirolarien Open Day egingo dute domekan [azaroak 19] Gernika-Lumoko Santanape kiroldegian. Liga osatzen duten zortzi taldeek ligako bigarren jardunaldiko lau partiduak Santanapen jokatuko dituzte, eta horien artean egongo dira Lointek Gernika BBKko Fenomenoak. Horiez gain, Getxo SBT Haszten, Alzola BSK FSDPV, Fundacion Bilbao Basket Fundazioa, Barakaldo Basket, OSK EI Chiringuito Portugalete, Lehoiak Gorabide eta Haszten Saski taldeak ariko dira nor baino nor gehiago. Gero, bazkaltzera joango dira, eta arratsaldean Lointek Gernika Bizkaiaren eta Cadi La Seuren artekoa ikustera joango dira.
Ligaren hirugarren aldia da, eta urtez urte bai lan teknikoan, bai taktikoan aurrerapen handiak izan dituzten jokalariek osatzen dute, eta horiek ikusteko aukera paregabea izango da domekakoa.
Kirolaren bitartez hezkuntza eta gizarteratzea batzen dituen ekimena da Open Day, talde guztiak gune bakarrean bilduko dituena. Jardunaldia “inklusioaren eta kirolaren” festa izango da, eta horren sustatzaile nagusia da Ajangizzko Maier Kooperatiba. Koldo Kortabitarte presidenteak azaldu modura, Maierren 50. urteurreneko ekitaldien eta kooperatiba egiten ari den eraldaketa sozialeko jardueren barruan kokatu dute eguna: “Open Day kirol egokituari ikusgarritasuna emango dion eguna izango da, baina jardunaldi bakarretik haratago doa. Izan ere, kooperatiba bat gara, eta arlo industrialetik haratago, arlo soziala bultzatu eta indartu gura dugu. Horretan ari gara lanean, azken urteetan eskualdean sare bat sortu nahian”.
Izan ere, Gernika-Lumoko ikastetxeekin proiektuari ikusgarritasuna emateko jardunaldia egin zuten atzo. Fenomenoek eta Liga Femeninako lehen mailako jokalariek ikastetxeak bisitatu zituzten, kirolaren onurak eta balioak ikasleen artean zabaltzeko, eta kirol egokituari ikusgarritasuna emateko.
“Maier kooperatiba bat da, eta printzipio kooperatiboak lantzen ditu. Gaur egun eraldaketa sozialari bultzada handi bat eman gura diogu, eta horretarako lanean ari gara, eskualdeko elkarte eta taldeekin elkarlanean. Izan ere, lau lerro estrategiko jorratzen ditugu: kultura, ingurumena, hezkuntza eta gizarteratzea”, azaldu du Kortabitartek. Gernika KESBek adimen urritasuna duten pertsonen talde bat osatu zuela jakitean, Maier Lointekeko kideekin eta Haszten fundaziokoekin lanean hasi zen, eta egun batean talde guztiak Gernikan biltzea erabaki zuten. “Aurten 50 urte betetzen ditugu abenduan, eta gure ekimenen artean, pentsatu genuen horrelako proiektu bat egitea gure lerro estrategikoagaz lotuta dagoela. Iruditu zitzaigun ideia polita litzatekeela egun batean Bizkaiko talde guztiak Gernikan batzea eta elkarregaz egun bat partekatzea. Gure eskualdean oihartzuna eman gura genion horrelako proiektu bati. Batez ere adimen urritasuna duten pertsonen kirolari”, gogoratu du Maierreko presidenteak.
Gerardo Candina Gernika KESBeko presidenteak aitortu du taldearentzat “erronka handia” izan zela adimen urritasuna duten kirolarien talde bat sortzea, baina lortu zutela, eta horiei ere lekua eskeini gura dietela. “Taldea sortzeaz gain, eta kirolariei lehiatzeko aukera eskaintzeaz gain, udalerriko ikasleei kirol egokituaren berri eman gura genien, normalizazioa bilatzeko”, esan du Candinak.
Ikusgarritasuna.
Haszten elkarteak hiru urte daramatza Maierrekin elkarlanean, kirol egokitua Busturialdean zabaltzeko helburuagaz lanean, adimen desgaitasuna duten pertsonei kirola praktikatzeko aukera eskaintzeko. “Gure kirolariei kirol ezberdinak probatzeko aukera eskaini gura diegu, ez dutelako horrenbesteko aukerarik”, azaldu du Gorka Fernandez Haszteneko kirol egokituko teknikariak.
Saskibaloi egokituari zabalkundea emateko eguna izango dela domekakoa uste du, eta Hasztenek sentsibilizazio kanpaina egingo duela aurreratu du. Hala, partiduak lehiatu bitartean, gurpildun aulkiekin, beste mota bateko saskibaloia probatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Fernandezek nabarmendu du liga honek “oso gauza garrantzitsua” duela, aspalditik bilatzen ari diren “normalizazioa eta inklusioa” sustatzen dituelako: “Adimen urritasuna duten pertsonek talde propioa izatea eta talde horren koloreak sentitzea oso garrantzitsua da. Gure helburua ohiko kirol taldeetan sartzea da, saskibaloian, futbolean edota edozein kiroletan”.
Egitaraua.
10:00. Haszten saski – Fundacion Bilbao Basket Fundazioa, lehenengo moduloan.
10:00. OSK El Chiringuito Portugalete – Getxo SBT Haszten, bigarren moduloan.
11:15. Alzola BSK FSDPV – Lehoiak Gorabide, kantxa osoan.
12:30. Lointek Gernika BBK – Barakaldo Basket, kantxa osoan.
14:30-16:00. Bazkaria San Fidel Ikastolan.
16:00-17:00. Xaibor, San Fidel Ikastolan.
18:00. Lointek Gernika Bizkaia- vs Cadi La Seu, Malosten.