Berrikuntzekin dator Eingule? lehiaketa
Astelehenean [azaroak 20] hasiko da Eingule? lehiaketa, eta abenduaren 1ean jokatuko duten lehiaketa herrikoiagaz amaituko da.
Iaz antolatu zuten lehenengoz Bermeoko berbekin jolasean aritzeko Eingule? lehiaketa, eta gaur aurkeztu dute aurtengo lehiaketa, hainbat berritasunekin. Izan ere, aurrekoarekin alderatuta, bestelako formatua izango du oraingo honetan lehiaketak. Bermeoko hizkera, identitatea eta kultura “zabaltzea” du helburu egitasmoak; “herritarrei nortasuna ematen dion hizkerak egunerokotasunean duen baliagarritasuna” agerian utzi gura dute.
Bermeoko Euskara zinegotzi Iker Bilbao San Nikolasek lehiaketan parte hartzera animatu ditu bermeotarrak: “Gure hizkera eta nortasuna balioan jarri nahi ditugu. Hizkerak berak gure nortasuna definitzen du eta gurea indartzera gatoz. Hori da ekimen honen helburua. Seguru gaude aurten ere pozik hartuko den ekimena izango dela, eta ahalik eta jende gehienak parte hartzea da gure helburua”.
Azaroaren 20tik 30era bitartean, egunero online lehiaketak izango dira. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, parte hartzea “oso erraza” da. Egunero 10 galderako galdetegia zabalduko da lehiaketaren webgunean zein sare sozial eta WhatsApp bidez: “Bide horietako edozeinetan egunean-egunean agertuko den estekan sartuta izango dute herritarrek lehiaketan parte hartzeko aukera”. Parte hartzaileak puntuak pilatzen joango dira, sailkapen bat osatuz, eta puntu gehien lortzen dituzten hirurak sarituko dituzte.
Abenduaren 1ean [barikua] egingo dute lehiaketa herrikoia, 19:00etan hasita, Lameran. Herritarrek banaka zein egunean bertan sortutako taldeetan jokatuko dute, eta puntu gehien lortzen dituzten hiru partaideentzat sariak egongo dira. Lehiaketa herrikoia ere online izango da, baina Lameran bertan egon beharko da. Online lehiaketen irabazleak ere egun horretan adieraziko dira. Lehiaketa hasi aurretik, Motx pailazoak euskarari buruzko ekitaldia eskainiko du 18:00etatik aurrera, eta nahi duenak photocall bat ere izango du argazkiak atera ahal izateko.
Ekimenak tokiko eragileak bultzatzea bilatzen du, horregatik sariak Bermeoko saltokietan erabiltzeko erosketa txartel edo bonoak izango dira. Online lehiaketan zein lehiaketa herrikoian lehen hiru postuetan sailkatu direnek sari bera jasoko dute: puntu gehien lortu dituztenek 150 euroko saria jasoko dute. Bigarren sailkatuentzat 100 euroko bonoa izango da eta hirugarrenentzat, berriz, 50 eurokoa.
Kaletik geletara. Ekimena bultzatzeko, iaz bezala, aurten ere herriko ikastetxeetan lanketa egitea proposatu dute bultzatzaileek, horretarako eduki zehatzak landuz: berbak eta esaerak; euskara; ohiturak eta sinesmenak… Irakasleentzako txoko bat sortu dute webgunean, “bakoitzak modu autonomoan egingo duen lanketa gidatzeko eta errazteko”.
Bermeotarrak berbetan kale elkarrizketak egingo dituzte adin tarte ezberdintako herritarrekin, eta bideo horiek Bermeoko Udalaleko Euskara sailaren Youtubeko kanalera igoko dituzte, eta webgunean egongo dira ikusgai. Era berean, bideo guztiak sare sozialetan eta mezularitza programen bidez zabalduko dituzte.
Zozketa. Bestalde, kanpaina aurkezteko Instagramen zozketa antolatu dute, @eingule_ profilaren jarraitzaileen artean. Bertako publikazio bati atsegin eman, eta norbait iruzkinetan aipatu behar da. Parte hartzeko azkenengo eguna domeka [azaroak 19] da, eta hurrengo astean jakinaraziko dute nor den zozketaren irabazlea. Kebi, Jokera edo Intersport dendetan erabiltzeko erosketa txartela zozketatuko dute.