Xabat Galletebeitia lekeitiarra da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen finalista
Aitor Etxebarriazarraga eta Koldo Gezuraga gernika-lumotarrak hirugarren eta bosgarren izan ziren, hurrenez hurren, zapatuan [azaroak 11] Berrizko lehen finalaurrekoan.
550 bertsozalek bete zuten frontoia eta goi mailako ikuskizunak gozatu ahal izan zuten zapatuan [azaroak 11]. Lan puntuagarriak amaituta, Xabat Galletebeitiak lortu zituen puntu gehien, lekeitiarrak irabazi zuen lehen finalaurrekoa 616,5 puntugaz. Horrenbestez, abenduaren 16rako lehen txartela eskuratu du, bera da lehen finalista. Aitor Etxebarriazarraga eta Koldo Gezuraga gernika-lumotarrek, zail badute ere, gainontzeko finalaurrekoetako puntuazioei itxaron beharko diete.
Hurrengokoa izan zen sailkapena:
- Xabat Galletebeitia Abaroa: 616,5
- Gorka Pagonabarraga Agorria: 604
- Aitor Etxebarriazarraga Gabiola: 585,5
- Eneko Abasolo Txabarri Abarkas: 550,5
- Koldo Gezuraga Seijido: 549,5
- Iruri Altzerreka Martinez: 548,5
Itxaro Juaristi Olaetxea izan zen Berrizko saioko gai-jartzailea. Epaileak, ostera, Ander Arrien, Ander Txakartegi, Joseba Santxo, Jurgi Fuentes, Leire Etxebarria, Mirari Azula eta Miriam Juaristi izan ziren eta Itziar Basterretxea izan zen idazkaria.
Beste bi. Zapatuan [azaroak 18] Santurtziko Serantes kultur aretoak hartuko du bigarren finalaurrekoa, bertan abestuko dute Aitor Bizkarrak, Bittor Altubek, Jone Uriak, Mikel Goirienak, Txaber Altubek eta Unai Mendiburuk. Azkena, berriz, azaroaren 25ean jokatuko da Lemoan, eta bertan izango dira Busturialdeko zenbait ordezkari: Ibai Amillategi gernika-lumotarra eta Onintza Enbeita muxikarra. Nerea Ibarzabal eta Josune Aramendi markina-xemeindarrek, Aissa Intxausi lekeitiarrak eta Oihana Bartrak osatuko dute saioa. Saio bakoitzeko irabazlea finalerako sailkatuko da, gainontzeko finalistak puntuazioaren arabera aukeratuko dira.