"Ez dago altxor handiagorik ume baten jakin mina baino"
Bermeoko San Frantzisko Herri Ikastetxekoek eskolaren 50. urteurrena ospatzeko ikasturteko ekitaldiei hasiera eman zieten barikuan, eskolako jai baten bidez.
Milaka izate, identitate eta errealitate biltzen ditu ikastetxe batek. Beste batzuen artean, irakasleek, gurasoek, garbitzaileek, umeek, sukaldariek eta begiraleek eraikitzen dute zentroa, eta guztiek batera osatzen dute eskola. Gaur egungo eskola “biharko herriaren eta geroaren oinarria” dela uste dute Bermeoko San Frantzisko Herri Ikastetxekoek, eta eskolaren 50. urteurrena ospatzeko ikasturteko ekitaldiei hasiera eman zieten barikuan [azaroak 10], eskolako jai baten bidez. Bertan egon zen Gure Mamorka eskolako maskota, eta ikasturtean bidelagun izango dute.
“Aurton, denok dakizuen modura, eskolako 50. urteurrena ospatzen da eta eskola urre gorriz zipriztinduko dugu, bere omenez egingo ditugun ekintza guztiekin. Eraikin hau gure eskola delako, denona eta herrikoa. 50 urte pasatu dira Bermeoko eskola publiko berria estreinatu genuenetik, hemen Atalde kalean, eta horregatik gaude hemen”, ozen esan zuten atzo eskolako kideek.
Atalde kalean kokatu zuten eskolako lehenengo harritik gaur egun arte, aldaketa asko eman dira, baina aldaketa guzti horien aurrean San Frantzisko eskola “beti” izan dela “hurbila” adierazi dute: “50 urte hauetan hezkuntza sistema asko aldatu da. EGBtik Lehen Hezkuntzara, Primera eta Segunda etapatik zikloetako egiturara pasatu gara. Integrazioaren normalizazioa martxan jartzetik inklusioa, hezkidetza eta bizikidetza ezinbesteko elementu gisa lantzera igaro gara. D eredua egonkortu egin da, euskararen normaluntzaranzko bidea egiten ari gara. Hezkuntza legeak bata bestearen atzetik martxan jarri dira: LOE, LOGSE, LOMCE… normalean irakasleekin asko konta barik. Baina guk hemen jarraitu dugu”.
Koadernoak, arkatzak, arbelak, klarionak, entziklopediak, atlasak, mapak ziren hasieran erabiltzen ziren materialak. Eta gero etorri dira, filminak, casseteak, fotokopiagailuak, inpresorak, bideoak, ordenagailuak eta arbel digitalak. “Dena aldatzen da, gauza bat izan ezik: umeak beti dira ume. Ez dago altxor handiagorik ume baten jakin mina baino”. Zientziarekiko umeek duten jakin-mina, irakurketarekiko gustua edota ezjakintasunaren aurrean duten kuriositatea ez dela aldatu diote: “Horiek sustatzen jarraitu behar dugu”.
Gainera, bizitzako “une ahaztezinetako asko” ikastetxeetakoak direla adierazi zuten atzoko jaian, eta horiek gordetzeko lanean ari dira oraindik ere: “Oroitzapenen artean goizeko lehen orduetako umeen begiradak, batzuk logura aurpegiarekin besteak irribarretsu; jolastorduetako lagunekin jolas eta algarak, korredoreetako mugimenduak, sarrera irteerak… Gure burmuinetan gordetzen ditugun oroitzapen eta esperientzia anitzak dira. Eta zelan ez, eskola garaian egindako lagunak, betiko lagunak”.
Horregatik dela horren garrantzitsua urteurrena ospatzea adierazi dute: . Gonbidatzen ziatuztegu aurktengo ikasturtean 50. urteurrena dela eta egingo ditugun ekintzetan parte hartzera: “Gure eskola maitea da hau eta beti izango da”.