"Arrakastatsua" izan da zirku inklusiboa sustatzeko Hazitoki topaketa
Hazitoki Topaketak antolatu dituzte hirugarrenez Gernika-Lumoko Merkatu plazan, eta jardunaldi "arrakastatsua" izan zela diote antolatzaileek.
Zirkua inklusiboa da, eta hori erakutsi dute hirugarrenez Gernika-Lumoko Merkatu plazan antolatu dituzten Hazitoki Topaketek. Domekan, [azaroak 12] askotariko jarduerak egin zituzten udalerrian, eta jardunaldia “arrakastatsua” izan zela ondorioztatu dute antolatzaileek.
Proiektuaren helburu nagusia zirkua praktikatzen duten eta behar bereziak edo gaitasun desberdinak dituzten pertsonei ikusgarritasuna ematea da, baita eurentzat erlazionatzeko eta esperimentatzeko espazioak sortzea ere. Hori lortu zuten, eta balorazio “oso positiboa” egin dute, jende asko batzeaz gain, denak gustura eta giro «eder bezain hurbilekoan» batu zirelako: “Etorri zirenek oso pozik daudela esan ziguten, giro ona nabaritu zutela, familia giroa nagusitu zela, eta hori pozgarria da. Goraipatuko nuke, aurreko urteetan gertatu legez, aurtengoan ere sortu den giro ederra. Horrelako zeozer sortzea oso positiboa da”.
Dirua biltzea ere helburu zuen zirku topaketak, behar bereziak dituztenei laguntzeko monitorea jartzeko. “Hazitoki programan behar bereziak dituzten pertsonentzat begiraleak, irakasleak eta materialak behar ditugu, batzuek material bereziak behar dituztelako, eta horretarako izan da diru bilketa”, azaldu dute. Aitortu dute oraindik ez dutela jendeak domekan egindako diru ekarpena zenbatu, baina babesleen laguntzagaz monitorea ordaintzeko beste lortu dutela adierazi dute. “Babesleen ekarpena ezinbestekoa izan da. Domekako jarduerak doakoak izan ziren, baina itsulapikoak ipi genituen borondatea jasotzeko. Oso pozik gaude, lortu dugu ikasturte honetarako behar bereziak dituzten pertsonentzako irakaslea edukitzea”.
Goizez zein arratsaldez denetariko ekintzez gozatzeko aukera izan zuten plazara bertaratu zirenek: zirku tailer inklusiboa, globoflexia, aurpegi margoketa, eskulanak, zuresku egur jolasak, Hazitoki gala, txokolate jana… “Hazitoki galaren bidez behar bereziak dituztenek ikasturtean ikasitakoak erakutsi zituzten, eta betiko legez, jendetza batu zen. Oso berezia izan zen, izan ere, zailtasunak dituzten pertsonek orokorrean egiten ez ditugun gauzak egin zituzten, eta oso hunkigarria izan zen. Jendea emozionatu egin zen, eta ikasleak ere oso pozik geratu ziren erakutsitakoagaz. Egin nahi dutena egin dezaketela erakutsi zuten”, azaldu dute antolatzaileek.
Gainera, aurten, pare bat berrikuntza izan dituzte: alde batetik, Pin Pang zirku ikuskizuna eskaini zuten eguerdian Lizeo antzokian; eta, bestetik, egun egun osoko egitaraua borobiltzeko bingo musikatu solidarioa izan zuten. “Eguneko ekintza guztiek jendea erakarri zuten goizetik arratsaldera bitartean, parte hartzaileen joan-etorria etengabekoa izan zen. Eguerdian ere jendea egon zen plazan. Esan dezakegu egin genituen ekintzek erantzun bikaina izan zutela, eta oso pozik gaudela. Hazitoki galan jendetza batu zen, eta aurten lehenengoz egin genuen bingo musikatua ere arrakastatsua izan zen”, azaldu dute antolatzaileek.
Proiektua.
Zirkugintza Kooperatibak eta Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolak sortutako zirku bidezko gizarteratze proiektua da Hazitoki. Gaur egun arte eszenikoetan pertsonen integrazioaren alde lan egiten duen irabazi asmorik gabeko Hazitoki elkarteak kudeatzen du proiektua, jolas eta kultura lengoiai uztartuz, pertsona haien gaitasuna edozein dela ere. Zirkua gizarteratze tresna modura erabiliz, ikasleen arteko harremanak bultzatzen dituzte Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolan.
Hala, Hazitoki topaketek zirkuaren eta arte eszenikoen munduan “inklusioaren erreferente” izatea bilatu gura dute: “Aintzindari izan gura dugu erabat inklusiboa den gazte eta nerabeentzako espazio baten sorkuntzan”. Izan ere, oraindik zirkua egiten ez duten eta behar bereziak dituzten pertsonak elkarrengandik desberdinak diren pertsonekin harremanetan jartzeko bidea egin gura dute.