Bilbao eta Aranguena, Aixerrotara iristen bizkorrenak
Alluitz de Bilbao eta Julen Aranguena nagusitu dira I. Aixerrotara Igoeran. Gernika-Lumokoa Igoera Herrikoien Ligako laugarren proba izan da; lehiaketa Elantxobeko Kaltzadan Gora lasterketak borobilduko du, abenduaren 6an.
Eskualdeko mendi korrikalariek hitzordu berezia eduki zuten zapatuan [azaroak 11] Gernika-Lumon. Arrolape Mendi Klubak antolatuta, I. Aixerrotara Igoera egin zuten. Eguraldi hezeagaz baina lagunarteko aldartean, 32 lasterkarik eman zuten izena Arrano herriko tabernan. 17:00etan eman zitzaion hasiera kilometro bi inguruko luzeradun eta 275 metro positiboko desnibeldun lasterketari. Alluitz de Bilbaok eta Julen Aranguenak irabazi zuten emakumezkoen eta gizonezkoen sailkapena; hurrenez hurren, 15.14ko eta 11.35eko denborak egin zituzten kortezubitarrek.
Gizonezkoen podiuma Ekaitz Lejarzegi ajangiztarrak eta Paul Goitisolo gernika-lumotarrak osatu zuten, lanak 11.59ko eta 12.14ko denborekin amaitu ondoren; emakumezkoen artean, Jone Oar-Artetak eta Haizea Gerrikabeitiak amaitu zuten bigarren eta hirugarren. Lehendabizikoak 15.31ko denbora lortu zuen; bigarrenak, ostera, 17.55ekoa. Antolakuntza lantaldetik aurreratu legez, proba bizkorra, gogorra eta esplosiboa izan zen: 22 minutu bainjo gutxiago behar izan zituzten parte hartzaileek, tartean asfaltoa, landa eremua, basoa edota galtzada topatuta ere.
“Parte hartutako emakumezkoak oso gazteak eta, gainera, bertokoak izan dira; horrenbestez, badago motiborik pozik egoteko”
Antolatzaileak “oso asebeteta” agertu dira gernika-lumotarren gailurrik entzutetsuenaren estreinako igoerak izandako harreragaz. Bai kopuru aldetik, bai parte hartzaileen erantzunari dagokionez, “proba arrakastatsua” izan zela adierazita, “hurrengo urtean errepikatzeko asmoagaz” azaldu dira. Aurtengo helburu biak lasterkari gazteak eta emakumezkoak erakartzea izan dira, eta alde horretatik “pozarren” daude: “Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko arrakala begibistan dago oraindik; zentzu horretan, lan handia dago egiteko. Edozelan ere, parte hartutako emakumezkoak oso gazteak eta, gainera, bertokoak izan dira. Horrenbestez, badago motiborik pozik egoteko, etorkizunerako presentzia bermatzeko osagai guztiak ditugulako”.
Igoera Herrikoien Liga abenduaren 6an amaituko da, Elantxoben egingo duten Kaltzadan Gora lasterketagaz
I. Aixerrotara Igoera Igoera Herrikoien Ligako laugarren proba izan zen, Natxitukoaren, Aulestikoaren eta Ereñokoaren ostean. Liga osatzeko, azken hitzordua geratzen da: abenduaren 6an Elantxoben lehiatuko duten Kaltzadan Gora lasterketa. Aixerrota tontorrean irabazle suertaturiko korrikalari biak izan ziren garaile, hain zuzen ere, iazko ekitaldian. Elantxobeko proban, korrikalariek galtzadan eta herrigunean korrika egin beharko dute; 1,2 kilometroko luzera edukiko du probak, 210 metro metatuko desnibelagaz.
Gaur-gaurkoz, Elantxobeko probaren faltan, Bilbao da ligako emakumezkoen sailkapeneko behin-behineko liderra: 200 puntu ditu. Bigarren postuan, Izaro Aranburu dago, 147gaz; Oar-Arteta da momentuz hirugarrena, 144 puntugaz. Gizonezkoen artean, Aranguena dago lidertzan, 195 puntu poltsikoratuta; Oier Ispizua da bigarrena, 163 puntugaz, eta Julen Orbegozo, ostera, hirugarrena da, 154 puntugaz.