Bideojoko sortzaile eta zaleentzako espazioak
Bideojokoen «mundu zabalean», gero eta gehiago dira euskarazko produktuak, baita euskaraz sortzen dutenak ere. Eta zale zein sortzaile horientzako espazioak sortu ditu Game Erauntsiak: Jokoteknian eta Game Jamean bilduko dira hurrengo egunetan.
Euskarak bideojokoetan duen presentzia areagotzea, ezagutaraztea eta biltzea helburu ditu Game Erauntsiak. Bideojokoen arloan euskarak txoko bat izatea eta euskararen munduan bideojokoek leku bat edukitzea bilatzen dute elkartekideek, eta helburu hori lortzeko buru-belarri ari dira lanean egunero, eta bereziki egunotan. Izan ere, bideojozaleentzako egun oparoak datoz: bihar, Jokoteknian bilduko dira Euskararen Etxean, 09:45ean hasi eta 13:00etara bitartean, eta datorren asteburuan, euskara hutsean garatuko den lehenengo Game Jamean parte hartzeko aukera edukiko dute.
“Game Jama sortzaileei bideratutako ekimena da, eta Jokoteknia bideojokozale guztiak biltzea helburu duen topagunea”, adierazi du Lander Unzueta Game Erauntsia elkarteko kide eta ekitaldi horien antolatzaileetako batek.
Dioenez, bideojokoen “mundu zabal eta askotarikoan“, geroz eta gehiago dira euskarazko produktuak, baita euskaraz lan egiten dutenak eta euskaraz sortzera animatzen direnak ere. Hain zuzen ere, sortzaile, garatzaile eta bideojoko zaleen arteko harremanak sustatzeko egunak dira hurrengoak. “Orokorrean, Euskal Herrian, bideojokoen mundua osasuntsu dago: gero eta aditu gehiago daude irakaskuntza zentroetan, garatzaile gehiago ezagutu daitezke, baita eduki sortzaile gehiago ere. Gero eta jende gehiago animatzen da euskarazko edukiak sortzera”, adierazi du Unzuetak. Eta, gehitu du hazkunde hori 3.000 Twitch ekimenagaz nabaritu dutela batez ere: “Bideojokoeri buruz euskaraz berba egiten duten zale gehiago daudela ondorioztatu dugu. Ikusi dugu bideojokoen mundu zabaleko arlo ezberdin askotan euskara topagunea izan dela”.
Garapena “nabarmena” da, eta hazkundea nabaria. Hala ere, sortzaile, garatzaile edo aditu horiei izen-abizenak jartzea ez da lan erraza izaten. Hori dela eta, aurrez aurreko hartu-eman horiek bultzatzeko asmoz dator Jokoteknia.
Aurtengo seigarren edizioan, Euskal Herriko adituak bilduko ditu jardunaldiak: Daniel Muriel soziologoak soziologiaren ikuspuntutik bideojokoek daukaten garrantziaz berba egingo du, Eider Zabalegi eduki sortzaileak euskarazko eduki digitalen zein sortzaileen munduan sakonduko du, Edurne Larraza informatikaria bideojokoen bidez irakasteko aukerei buruz ariko da eta Highnoon Ekain bideojoko sortzaileak Praenaris estudioa aurkeztuko du.
“Urtero arlo ezberdinak lantzen ahalegintzen gara eta, aurten, Euskal Herriko adituak ekarriko ditugu. Euskal bideojokoen industria zelan dagoen, etorkizuna zelan ikusten duten edota zertan sakondu behar den landuko dute adituek”, adierazi du Unzuetak. Hain zuzen ere, Game Erauntsia horri buruz berba egiteko txokoa izateko jaio zen, baina, gehienetan, digitalki batzen dira bertan. Jokoteknia, aldiz, fisikoki batzeko lekua da, “zaletasuna partekatzekoa“.
«Sortzaileentzako gunea da Game Jama, Jokoteknia, aldiz, zale guztientzako lekua»
Hausnarketarako tartea ere egongo da bihar. Izan ere, Euskal Herrian bideojokogintzari lotutako hainbat zentrotako ikasleak bilduko dituzte mahai inguruan.
Euskal Game Jama
Gozatzeko eta hausnartzeko tartea hartzeaz gain, bideojoko sortzaileentzako espazioa ere bultzatu gura dute, eta horiei batzeko aukera eskainiko die azaroaren 17tik 18ra bitartean Game Erauntsiak, EHUk eta Zomorro Studiok antolatu duten Game Jamak. 48 orduko epean euskara hutsean bideojoko bat sortzeko erronkari aurre egin beharko diote maratoi horretan izena ematen dutenek, euren baliabideekin bakarrik. Azaroaren 17an 18:00etan hasiko da sormen prozesua, eta proiektua azaroaren 19rako amaituta izan beharko dute, itch.io plataforman argitaratuta, alegia.
Horrekin, bideojokogintzaren munduan horren ezagunak egin diren Game Jam ekimenak Euskal Herrira hurbiltzea bilatzen dute antolatzaileek, “bideojokoen garapenaren murgiltzen dabiltzan euskaldun gehiago dagoelako azken urteetan”.
Game Jam hori ez da Euskal Herrian maila horretan egingo den lehenengoa, estudio handiek egin izan dituztelako, baina euskaraz egiten den lehenengoa izango da. “Normalean nazioarteko Game Jam nagusiek egoitza desberdinak izaten dituzte, eta horiek egon izan dira Euskal Herrian. Ondorioz, ez dute euskara aintzat hartu, eta guk bai”.
Game Erauntsia elkarteko kideak dio “zoritxarrez” garatzaile horietako askok ez dutela elkar ezagutzen eta, horregatik, bideojokogintzan hasiberriak direnak zein profesionalak bildu gura dituzte maratoian: “Horrez gain, euren gaitasunak ezagutarazi eta elkarrengandik ikasteko espazioak ere sortu gura ditugu”. Hala, sortzaile profesionalak zein unibertsitateko ikasleak batu gura dituzte, «gozatzeko gunea izateaz gain, ikasteko espazioa ere izango delako».
Espazio hori fisikoa edo digitala izango da. Hala, Bilboko Bizkaia Aretoa UPV/EHUn aurrez aurre parte hartzeko aukera izango dute izena ematen duten 18 urtetik gorakoek, baita etxetik sorkuntza lantzekoa ere. “Aspalditik gabiltza ideia sortzen. Garatzaile asko daude, eta eurentzako topagune bat prestatu gura izan dugu. Izan ere, konturatu gara askok ez dutela elkar ezagutzen, eta leku bat eskaini gura izan diegu, batzeko eta egiten dakitena erakusteko. Harremanak sortzea bilatzen dugu”.
«Bideojokoen mundua osasuntsu dago Euskal Herrian, gero eta aditu gehiago daude»
Unzuetak gehitu du Euskal Herriko Unibertsitatean ikasten ari diren gazte asko ere bideojoko zaleak direla, “bideojokoekiko begirunea” dutela, eta unibertsitateak ere gune bat eskaini gura izan diela. “Hala ere, ideia iazko Jokoteknian sortu zitzaigun, Ibai Aizpurua Zomorro Studioko kideak Game Jamei buruzko hitzaldia eskaini zuenean”, aitortu du.
Dagoeneko hamar pertsonek izena eman dute, baina jende gehiago bertaratzea espero dute: “Oihartzuna hartzea eta azken astean jendeak izena ematea espero dugu”. Izen ematea gamerauntsia.eus webgunean egin beharko da, doan.
Euskara lehen lerroan
Euskara hutsean egingo den lehen Game Jama izango denez, aurkeztutako proiektuak euskaratuta egon beharko dira. Hori dela eta, taldekoren batek euskaraz hitz egiten jakin beharko du.
Game Jamean sortzen denak merkaturatzeko bidea dauka? itch.io plataforman sarean argitaratuko dira jokoak, edonork jolasteko aukera izan dezan. Baina lehenago, jokorik onenak zeintzuk diren erabaki beharko dute parte hartzaileek. Hiru kategoriatan banatuko dituzte jokoak: aurkezpenik ederrena, ideiarik originalena eta jokorik dibertigarriena. “Partaideek eurek bozkatu beharko dituzte maratoiko lanik onenak, bozketa euren artekoa izango delako. Eta, gero, gero bai. Edonork izango du plataforma horretan jolasteko aukera. Zabalik egongo dira sorkuntza lanak, sortzaileek gura dutenera arte”.
Ideia txikietatik joko garrantzitsuak sortu dira hainbat Game Jametan, Hollow knight, esaterako, baina ondo pasatzea, sortzea eta elkar ezagutzea dira oraingoaren helburu nagusiak.