Pasealekutik Aixerrotara: I. Igoera Herrikoien Ligako laugarrena, zapatuan
Gernika-Lumok I. Igoera Herrikoien Ligako azken-aurreko proba hartuko du. Aixerrotara igoerak kilometro biko luzera eta 275 metroko desnibela izango ditu.
Mendi korrikalariak Aixerrotara begira daude. Zapatuan [azaroak 11], 17:00etan hasita, aurten sortu duten I. Igoera Herrikoien Ligako azken-aurreneko lasterketa hartuko du Gernika-Lumok: Aixerrotara igoera. Natxitukoaren, Aulestikoren eta Ereñokoren ostean, laugarren lasterketa izango da Pasealekuan hasi eta Aixerrota edo Kosnoaga izenez ezaguna den mendixkan amaituko dena.
Arrolape Mendi Klubeko antolatzaileek argitu dutenez, “dena prest dago” zapaturako. Mendizale guztiei zuzendutako lasterketa izango dela azaltzeaz gain, argitu dute antolakuntzaren guraria lasterkaririk gazteenei “plaza” eskaintzea dela: “Gehienez jota 20-30 minutuko lana denez, mendian korrika egiten duten gazteez gain, eskarmenturik ez dutenei, kirolzaleei edota beste barik proba egin gura dutenei zuzenduta dago lasterketa. Oro har, gaztetxoenen artean zaletasuna da bilatzen duguna”.
Izen ematea bost eurokoa izango da, baina hogei urtetik beherakoek doan parte hartu ahalko dute
Korrikalariek 17:00etan ekingo diote lehiari, Pasealekuan. Hori orduko, izena eman beharko dute Arrano herriko tabernan. Inskripzioak, hain zuzen , bost euroko prezioa edukiko du; hogei urtetik beherakoek, aldiz, doan parte hartu ahalko dute. Izen emateagaz batera, Arrolapekoek opari bana emango diete partaideei: “Kontserba lata bat edota galtzetinak izango dira. Gainera, behin lanak amaituta, Kosnoagatik elkarregaz jaisteko eta Pasealekuan talde mokadua egiteko asmoa dugu”.
Ibilbide “oso esplosiboa” atondu dute lehendabiziko ekitaldirako. Pasealekutik aterata, korrikalari tropela segituan luzatuko da, Europako Herrien Parkea zeharkatuta, lehen aldapei helduko baitiete; Zearreta ingurua atzean utzita, Lumorako galtzada erromatarra gainditu beharko dute. Lumora ailegatzean, asfaltozko tarte baten ondoren, baso eta landa tarte batetik igaroko dira parte hartzaileak, Aixerrota gailurra begibistan dutela. Tontor hori harrapatzeko, azken aldapa igotzea baino ez zaie geratuko. Bi kilometro inguruko igoera baino izan ez arren, 275 metroko desnibel metatuari eutsi beharko diete korrikalariek hankek. Lan fisiko laburra eta bortitza izango da, baina batez ere aldarte “herrikoia eta lagunartekoa” edukiko duena.
Boluntarioei omenaldia. Lasterketa herrikoiak antolatzen dabiltzanei zein ibilitakoei eskertza egitea da, arrolapetarrek adierazi dutenez, I. Igoera Herrikoien jomuga nagusia: “Herrigintza, kirola eta kultura oinarri, urtez urte boluntario ibilitakoei omenaldia egiteko modua da. Gainera, hurrengo urtean formatu horri mantentzeko asmoa dugu, eta baliteke proba gehiago batzea egutegira”.
I. Igoera Herrikoien Ligaren irakurketa “paregabea” egin dute, gaur-gaurkoz, arrolapetarrek
Hautagaiez galdetuta, “ohikoak” aurrean ibiliko direla iragarri dute: “Orain arteko lasterketetako buruan aritutakoak izango dira faboritoak; eskualdeko hainbat korrikalari irabazteko aukerekin daude, baina litekeena da kanpotik ere korrikalariren batzuk bertaratzea, eta ezustekoa eman dezakete”. Ligako orain arteko lasterketen balorazioari dagokionez, irakurketa “paregabea” egin dute Arrolapekoek: “Bai parte hartzaileek, bai ikusleek ederto erantzun dute. Proba berriak tradizio handikoekin uztartzea eta liga batean biltzea gauza oso ederra da”.