Maitasun abstraktuari buruzko sei aitortza
Aimar Cidek bere bakarkako lehen disko liburua kaleratu du: 'Confesiones de un amor abstracto'. Aimar da bakarkako proiektuaren izen artistikoa, eta bere lehenengo lanean aitorpenez betetako kantuak bildu ditu.
Confesiones de un amor abstracto izeneko bakarkako lehen liburu-diskoa aurkeztu du aste honetan Aimar Cid abeslari gernikarrak. AIMAR izena jarri dio bakarkako proiektuari, eta mendekotasunik barik, independentziarekin ondu du abesti intimoz betetako obra.
Hezitzaile eta irakaslea da lanbidez, baia urte asko daramatza kantuak sortzen eta letrak idazten. Dientes de Luna taldeagaz bost disko argitaratu eta gero kaleratu du bere bakarkako lehen lana.
Hamabi audioz osatutako diskoa da, baina ez ditu hamabi abesti batzen. Zenbaki bakoitiekin abestiak izendatu ditu, eta zenbaki bikoitiekin ageri dira testu edo audio laburrak diskoan zein diskoagaz batera kaleratu duen liburuxkan: “Abestiak ez dira kantatzen diren bezala ageri liburuan, pentsatu edo idatzi nituen bezala baizik. Eskuz idatzitako oharrak ere badaude liburuxkan”. Hain zuzen ere, berak idatzitakoak dira poesia lerro labur horiek, kantuetan ageri ez direnak: “Buruan dauzkadan poemak, hausnarketak edo laburpenak dira, eta ezin izan ditut abestietan sartu”. Onartu du abesti gehiago ere badauzkala, baina dioenez, ez zituen disko honetan bildu gura: “Kanpoan geratu diren abestiak ez dira aitorpenak. Ez luke zentzurik izango konfesioak ez diren abestiak aitorpenei buruzko disko batean sartzeak. Aitorpenez ari naiz, barrutik atera zaizkidalako”.
“Maitasun abstraktu” batetik egindako aitorpenak dira kantuak, eta hala adierazi du Baga Biga ekoiztetxeko arduradun Arkaitz Hormaetxek ere: “Oso ikuspegi pertsonaletik berba egiten ari dira Aimar lan honetan, biluztu egiten da. Datu espliziturik ageri ez den arren, lan oso pertsonala da”. Rock-and-rollaren eta poesiaren arteko lana dela gehitu du.
Hutsera salto egin duela dio, berriz, sortzaileak: “Lurra jo dut, baina sufritu eta gozatu ere egin dut prozesuan. Askotan hutsera salto egin behar izaten da berriro gora egiteko eta ikuspegi horiez gozateko”. Dioenez, lan berri hau ez da Dientes de Luna taldearen seigarren lana, baina uste du Dientes de Lunaren kutsua badagoela diskoan. “Zergatik? Dientes de Lunak ni musikagile, abeslari eta konpositore gisa hezi nauelako”, argitu du sortzaileak.
Dientes de Luna geldiune batean dago, eta momentu hori aprobetxatu du Cidek bere proiektua aurkezteko: “Asko eta egunero idazten dut, baina ez naiz idazlea. Idatzitakoak kanta bihurtzen ditut, labur kontatzen ditut. Horrela sortu da lan hau. Hustu egin naiz. Zuhaitz bat baino gehiago, lore bat naizela uste dut, ez zentzu ederrean, jaio eta berriro hiltzen naizelako baizik. Topera bizi naiz, eta horren ondorioz askotan erratzen naiz. Pertsonok bizi garen heinean ere hiltzen eta berpizten gara”.
Letrek harremanei, amodioei, bizipozei, bizipenei, ilusioei buruz berba egiten dute, baita horiek guztiak desegitean sortzen den sentsazioari buruz ere. “Nik rock-and-rolla maite dut, baina egia da puntu erromantikoa ere badaukadala. Ez naiz bakarrik abestietako erromantizismoaz ari. Behingoz ausartu naiz ondo amaitzen ez den maitasun istorio bat idazten. Ezagutzen nauenak badaki ez naizela inoiz izan orain arteko bezain zuzena. Terapia izan da niretzako. Proiektu hau hasi nuenean ez nuen pentsatzen disko bat kaleratuko nuenik. Baina gertatu da”, gogoetatu du sortzaileak.
Abestien artean, Se me olvidó decirte te quiero nabarmendu du, 107 segundoko abestia: “Esan gura nuen guztia esaten dut denbora tarte horretan. Eta, oro har, esan dezaket disko honetan nahi dudana egin dudala eta nahi izan dudana esan dudala”.
Sei kantuetan bere pentsatzeko filosofia erakutsi gura du Cidek. “Ni oso pozik nago lan hau kaleratu izanaz. Hainbeste urte talde baten parte izan eta gero erronka handia izan da disko hau kaleratzea. Berriro hazi naiz proiektu honekin, eta erabaki garrantzitsu asko ere hartu behar izan ditut”, onartu du konpositoreak.
Aurkezpenak, taldean eta bakarrik.
Lana aurkeztuta, kontzertuak eskaini gura ditu orain, bere asmoa ez delako iraganean bizitzea, iraganeko irakaspenetatik ikasi eta egunerokotasunean bizitzea baizik. Hala, zenbait kontzertu lagunekin inguratuta eskainiko dituela adierazi du, eta beste batzuk, aldiz, bakarka.
Dagoeneko diskoan argitaratutako sei kantuetatik hiru entzun daitezke Spotifyn, baina beste hirurak oraindik ez dituela plataforma horretara igoko adierazi du. Hala ere, aurreratu du disko-liburua erosten duenak disko formatuan ez ezik, QR kode baten bidez online ere entzun ahalko dituela abestiak. “Zergatik? Niri ere askotan zaila egiten zaidalako musika disko formatuan entzutea”.