Jardueraz beteta datoz Hazitoki Topaketak
Domekan [azaroak 12], 11:00etan hasita egun osoko egitaraua izango dute Gernika-Lumon: Zirko tailer inklusiboa, globoflexia, aurpegi margoketa, eskulanak, zuresku egur jolasak, zirku erakustaldia...
Hazitoki Topaketak hirugarrenez egingo dira, eta, aurtengorako, hitzordu bikoitza prestatu dute. Irailaren 10ean Bermeon izan ziren, eta, orain, berriz, Gernika-Lumora ailegatuko da. Domekan [azaroak 12] goizez eta arratsaldez hamaika jarduera egingo dituzte, Merkatu plazan.
“Behar bereziak dituzten pertsonek zirku arloan egiten duten lana gizarteratzea, gizarteari erakustea helburu duen” jardunaldi inklusibo horretan, edonork parte hartzeko moduko “askotariko ekintzak” izango dira, 11:00tatik 14:30tara eta 15:00etatik 19:30ak aldera arte. Zirko tailer inklusiboa, globoflexia, aurpegi margoketa, eskulanak, zuresku egur jolasak, zirku erakustaldia… ikasteko eta ondo pasatzeko jardueraz bete dute egitaraua, eta denak ala denak doakoak dira: “Hainbat monitore espezializatu egongo dira, behar bereziak dituzten eta beharrizana duten pertsonei laguntzeko”.
Gainera, aurten pare bat berrikuntza izango dituzte. Alde batetik, Pin Pang zirko ikuskizuna eskainiko dute eguerdian, Lizeo Antzokian, eta, beste alde batetik, egun osoko egitaraua borobiltzeko, bingo musikatu solidarioa izango da. Lizeo Antzokiko ikuskizunerako sarrerak Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolan erosi ahal dira “prezio berezian”, 3,75 eurotan, gaur arte (azaroak 9). Era berean, aurretiaz erosi gura dituztenek Gernika-Lumoko Kultur Etxearen webgunean ere erosi ditzake: 5 eurotan sarrera arrunta eta 3,75 eurotan Laguna Txartela daukatenena.
Arduradunek gogoratu bezala, topaketak helburu bikoitzagaz egiten dituzte: behar bereziak dituzten pertsonek zirku mailan egiten duten lana gizarteari erakustea eta Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolan garatzen den Hazitoki proiektuarentzako dirua ateratzea, monitoreen soldatak ordaintzeko eta materiala egokitzeko. Beraz, ekarpen ekonomikoak biltzeko Merkatu plazan zenbait gune izango dira.
Zenbait udal, enpresa eta entitateen laguntzari esker egiten dituzte topaketak, eta horien babesa eskertu eta azpimarratu dute antolatzaileek.
Egitaraua:
- 11:00. Globoflexia, aurpegi margoketa eta zirku tailerra, Merkatu plazan.
- 12:30. Pin Pang zirko ikuskizuna, Lizeo Antzokian.
- 13:30. Zirku tailerra eta ipuin tailerra, Merkatu plazan.
- 15:00. Egurrezko jolasak.
- 15:30. Eskulanak.
- 17:00. Hazitoki Gala.
- Ostean. Txokolate jana eta bingo musikatu solidarioa.
Proiektua. Zirkugintza Kooperatibak eta Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolak sortutako zirko bidezko gizarteratze proiektua da Hazitoki. Gaur egun, arte eszenikoetan pertsonen integrazioaren alde lan egiten duen irabazi-asmorik gabeko Hazitoki elkarteak kudeatzen du proiektua, “jolas eta kultura lengoaia konbinazio berriak sortuz, pertsona guztiak, haien gaitasuna edozein dela ere, arte eszenikoetan barneratu eta integratzearen helburuarekin”. Zirkua gizarteratze tresna bezala erabiliz, ikasleen arteko harremanak bultzatzen dituzte Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolan.