Gazteentzako lokal bat egokitu gura du Sukarrietako Udalak
Lehen farmazia zegoen lokala daukate buruan. Gazteen eskaera bat dela diote udal arduradunek.
Lehentasunetako bat da Sukarrietako Udalarentzat herriko gazteentzako lokal bat atontzea. Sukarrietako alkate Jaime Oruetak azaldutakoaren arabera, lehen farmazia egoten zen lekua daukate buruan, aipatu lokal hori gazteentzat egokitzeko.
Lehen farmazia zegoen lokalean “leku handia” dagoela dio, eta, gaur egun, biltegi modura erabiltzen dute: “Bi gune desberdin daude lolal horretan, eta biltegirako gune bat utzita, posible litzateke bestea gazteen erabilerarako prestatzea”. Lokala, baina, atondu behar dute, isolamendu termikoa eta akustikoa eginez: “Egia da gauza gutxi egin behar direla, komuna, esaterako, badagoelako”.
“Beharrizana” dagoela uste dute, gazteen eskaera bat dela aipatuta. Gainera, gazteen elkarte bat sortu berri dute herriko gazteek, “bederatzi batu dira”. Diotenez, neguan gazte gutxi daude, baina udan asko batzen dira: “Neguko eta udako gazteak batzea da gure asmoa, nahiz eta belaunaldiz belaunaldi gero eta gehiago integratzen diren. Udan datozen gazteak Sukarrietara erakarri gura ditugu, neguan gehiago etor daitezen. Jarduera desberdinak egiteko aukera ematen duen lokal bat edukita, hurbiltzea erraztu dezakeela uste dugu. Era berean, herrikoentzat, negurako irteera on bat da, euria eta hotza dagoen egunetan bertan egon ahal izateko”.