Mundakarrek aurrekontu parte hartzaileetako proiektu irabazleak hautatu dituzte
Mundakako 2024ko aurrekontu parte hartzaileetako hiru proiektu irabazleak publiko egin dituzte: eskolan sukalde propioa sortzea, kiroldegiko makinak aldatzea eta pumptrack bat egitea. Herritarren parte hartzea oso handia izan da.
Mundakako Udalak abian ipini ditu 2024. urteko aurrekontu parte hartzaileak. Neurri horregaz, mundakarrek erabakiko dute beraien udalerriko aurrekontu partida zertara bideratu ahalko den. Hain zuzen ere, udaletik aditzera eman dutenaren arabera, 2023ko ekitaldirako, 50.000 euroko aurrekontu partida bideratuko dute. Irail hasieran eman zioten hasiera herritarrek proposamenak egiteko epeari. Proiektu proposamenak jaso ondoren, udaletik ondorioztatu dute parte hartze prozedurak emaitza apartak eman dituela. Izan ere, mundakarrek bikain erantzun diote udalak luzatutako deialdiari: jasotako 31 proiektuei 233 boto eman dizkiete herritarrek, bozketa fasean.
Proposamen horietatik boto gehien dituen hirurak hautatu ditu udalak: eskolako sukalde propioa egitea, kiroldegian makina berriak ipintzea eta pumptrack bat sortzea. Eskolako sukalde propioa egiteko proposamenak erakarri du mundakarren interesik gehiena; 146 boto lortu ditu neurri horrek. Bigarren bozkatuena kiroldegiari dagokiona izan da; hango instalazioak nahiz eskaintza hobetze aldera, kirol makina berriak ipintzea proposatu dute. Aukera horrek 107 boto jaso ditu. Hirugarren proposamena, herrian pumptrack bat sortzea, aldiz, 94 botoren hartzaile izan da.
Udal gobernu taldetik pozarren agertu dira mundakarren parte hartze mailagaz, eta 2024ko aurrekontu parte hartzaileek eduki duten babesa “eskertu” diete herritarrei, “bereziki bozketa aldian izandako jarreragatik”.