Mundaka IV. Duatloiaren zain dago
Hilaren 18an egingo dute, alebinetatik beteranoak arteko kategoriekin. Ergometroa eta korrika saioa egin beharko dituzte parte hartzaileek.
Mundakako Udalak eta Arraun Taldeak IV. Duatloia antolatu dute. Azaroaren 18an egingo dute proba herrikoi hori, plazan. 2014an eta 2015ean egin zituzten duatloiaren lehendabiziko bi ekitaldiak, eta ia hamarkada bat geroago ekimena berreskuratu egin zuten iaz. Aurtengoa, horrenbestez, finkatzeko aldia izango da. Adin tarte denetako kirolariek parte hartu ahalko dute. Hain zuzen ere alebinetatik hasi eta beteranoak bitarteko bost kategoria egongo dira: alebinak, umeak, kadeteak, gazteak eta seniorrak eta beteranoak (azken bi horiek batera lehiatuko dute).
Parte hartzaile guztiek ergometroan egingo dute probaren lehenengo zatia, plazan bertan; jarraian, herriko kaleetara joko dute, korrikaldia egiteko. 400 metroko ibilbidea atondu dute antolatzaileek, eta kategoria bakoitzak itzuli kopuru jakin bat egin beharko du zirkuitu horretan. Alebinek 250 metro egin beharko dituzte ergometroan, eta 400 metro, ostera, lasterka; umeek, 500 metro lehenik eta 800 ondoren; kadeteek, 1.000 eta 800; azkenik, gazteek, seniorrek nahiz beteranoek, 1.500 eta 1.200.
Lehenengo parte hartzaileek 10:00etan ekingo diote duatloiari. Izen emateari dagokionez, egunean bertan egin beharko dela aurreratu dute antolakuntza lantaldetik; 09:00etatik aurrera eman ahalko da izena, plazan bertan.