Guggenheim Urdaibai proiektuari buruzko eztabaida zabaltzeko eskatu du Busturialdeko EH Bilduk
Guggenheim Urdaibai proiektuari buruz herritarrek duten iritzia kontutan hartzeko eskatu diote Busturialdeko EH Bilduko ordezkariek foru aldundiari
Busturialdeko EH Bilduko udal ordezkariek Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diote Guggenheim Urdaibai proiektuari buruz eskualdeko herritarrek duten iritzia aintzat hartzeko: “4.000 herritar inguru elkartu ziren joan den urriaren 28an Gernika-Lumon, Guggenheim STOP lelopean. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen diogu kontuan izateko Gernika-Lumon mobilizatu ziren milaka herritarren aldarrikapena”.
Horrez gain, proiektu horri buruzko “eztabaida zabaltzeko” eskatu dio aldundiari, baita “beharrezkoa” den eskualde ereduari buruzko dialogoa bultza dezala ere, “tokiko erakunde, eragile eta herritarrekin”.
Izan ere, koalizio abertzalekoek gogoratu dute herritarrek mobilizazio jendetsu horretan proiektua eskualdearen beharrizenik “bat ez datorrela” salatu zutela: “Proiektu honekin agerian geratzen ari da gobernantza eredu bat dagoela, eta hori, eskualdeari bizkarra ematen dion eredu bat dela”.
Bizkaiko Foru Aldundiak Guggenheim Urdaibai proiektuaren bultzatzaile gisa hartutako bidea “kezkagarria” dela salatu dute Busturialdeko EH Bilduko udal ordezkariek, ez duelako proiektua Urdaibaiko gainontzeko erakunde eta eragileekin partekatu. Gainera, gehitu dute proiektuari buruzko informazio falta ere “agerikoa” dela.
Uste dute Busturialdeak “beharrizan handiak” dituela, eta premiazko estrategia integrala behar duela. Bide horretan, eragile, instituzio eta erakunde guztiek parte hartzea beharrezkoa dela diote, “gardentasunez eta elkarlanean” jarduteko.
Eskaera hori Bermeoko, Mundakako, Elantxobeko, Nabarnizko, Muxikako, Ajangizko eta Eako udaletatik bideratu diote Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiari, eta Busturialdeko gainontzeko udalei ere euren eskaerara batzeko deia egin diete.