Atari berria izango du Gernika-Lumoko tren geltokiak
Gernikako, Bermeoko eta Mundakako trenbideak eta geltokiak berrituko ditu Euskal Trenbide Sareak. Diru sail garrantzitsuena Gernikako geltokian trenbidea berritzeko, elektrifikatzeko eta seinaleztatzeko erabiliko da. Gainerakoa, Bermeoko eta Mundakako terminaletara bideratuko da.
Zornotzatik Bermeoraino doan trenbidea hobetzeko 10 milioi euro inbertituko ditu aurten eta datorren urtean Euskal Trenbide Sareak. Diru kantitate horretatik diru sailik garrantzitsuena bideratuko ditu Gernikako geltokiko trenbidea berritzera, elektrifikatzera eta seinaleztatzera. Gainerako dirua, berriz, Bermeoko eta Mundakako terminaletan egingo diren eraberritze lanetarako izango da.
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak jakinarazi duenez, Euskal Trenbide Sarearen bidez, 7,4 milioi euroko balioa duten bi obra lizitatu berri dituzte Gernikako geltokirako, nasen arteko trenbide pasagunea kentzea barne hartuta.
Obra nagusia Gernikako geltokian atari berria eraikitzeari eta handik gertu dagoen trenbide pasagunea kentzeari dagokiola aurreratu dute. Lan horiek 4,9 milioi euroko balioa dute, eta 18 hilabetetako egikaritze epea. Horrez gain, bidaiarientzako areto berria egingo dute Bermeorako norabidea daukan nasan, “herrigunearen aldean, autobus geltokiaren ondoan”.
Diotenez, obrei esker nasen arteko trenbide pasagunea kenduko dute, eta trenbidearen gainetik pasatuko den pasagune bat eraikiko dute, “dagozkion igogailu egokitu eta eskailera finkoen gainetik”. Gainera, eraikin historikoaren inguruan dagoen egungo “baliogabetze lerroa” babesteko markesina desmuntatu egingo dutela jakinarazi dute.
ETSk udalerrian trenen joan-etorria ahalbidetzen duten seinaleen ia erabateko berrikuntza ere bultzatuko du. Obra hori egiteko 2,5 milioi euroko aurrekontua eta 12 hilabeteko epea beharko dira.
Martxan dauden bi lizitazio horiez gain, geltokian 800 metro inguruko trenbidea berritzeko lanak ere egingo dituzte. 1,2 milioi euroko balioa eta 10 hilabeteko egikaritze epea dute horiek. Zehaztu dutenez, udalerriko geltokiak bi nasa ditu, biak trenbide nagusiaren alboetan, baina, era berean, trenak gordetzeko eta mantentze lanetako makinak baztertzeko erabiltzen diren beste hiru maniobra trenbide eta geltokian bertan dauden tailerretarako sarbidea ematen duten beste lau trenbide osagarri ere badaude.
Gernikako geltokia elektrifikatzeko lanak sei hilabeteko epean egingo dira
Horiek horrela, egungo erreia berrituko dute, eta “enbridatutako” egungo egurrezko trabesen ordez, soldatutako hormigoizko monoblokea jarriko dute. “Trenbideko aparatuetan ere gauza bera egingo da”, gehitu dute. Horrela, instalazioen erabilera “luzatu eta mantentze lanak erraztuko” dituen “armamentu moderno eta sendoa” eraikiko dute.
Geltokiaren ondoan, Bilborako noranzkoan eta geltokitik 100 metro baino gutxiagora, ibilgailuak eta oinezkoak gurutzatzeko aukera eskaintzen duen aglomeratu asfaltiko inprimatuko pasagunea dago, obrak amaitu ostean ezaugarri berberekin lehengoratuko dutena.
Udalerriko geltokia elektrifikatzeko lanak ere egingo dituzte, 720.000 euroko kostuagaz eta sei hilabeteko egikaritze tarteagaz. Kasu horretan, “katenariako ekipamendua eraberrituko” dute eta trenbideen konfigurazio berrira egokituko dute. “Horretarako, zutoinetarako zimendu berriak egingo dira, klabea berrituko da eta orratzak muntatuko dira, besteak beste”, azaldu dute. Diotenez, lanak trenbidetik pasatuko diren makinekin egingo dira, gauez eta katenariako tentsioa moztuta.
Bermeo eta Mundaka.
Gernika-Lumoko geltokiko lanez ez ezik, Bermeoko geltokiko nasaren sarbidea, ataria eta zoladura berritzeko lanak ere aurreikusi ditu Euskal Trenbide Sareak. Lan horien aurrekontua 410.000 eurokoa da, eta, egiteko epea, lau hilabetekoa. Zehaztu dutenez, kostako herriko terminalak sarbide bakarra dauka eskaileretatik edo igogailutik, eta bihurgunean dagoen nasa bakarra.
Bermeoko eta Mundakako geltokietako obrek ez dituzte bidaiarien joan-etorriak oztopatuko
Hain zuzen ere, 2021ean, geltokiaren goiko urbanizazioa eta nasaren estalkian dauden jardinak “premiaz” egokitu zituzten, “iragazketa arazoak” zirela-eta. Aurtengo urterako, baina, terminalerako sarbidea hobetzea eta arkupeko zoru eta paretetako konponketak egitea aurreikusi dute. Modu berean, nasatik trenera dagoen iriste erraztasuna hobetzeko premiari ere aurre egingo diotela azaldu dute, “nasaren arrapala zabalduz”; hori eginda, trenaren lehenengo ateen sarbidea hobetuko lukete.
Zehaztu dutenez, lan horiek ez dituzte bidaiaren joan-etorriak etengo, ez eta trenbideko trafikoaren garapen normalean eragingo ere.
Mundakako geltokiak, berriz, bi nasa ditu zirkulaziorako trenbideen muturretan. Geltokiko eraikinaren ondoan dagoen nasa bikoitia da geltokiko nasa nagusia, bere gain hartzen duelako linearen joan-etorrien gehiengoa, norazko batean zein bestean. Hala ere, zerbitzuaren beharrak direla eta, egunean zehar tren gutxi batzuk trenbide bakoititik ibiltzen dira, eta bidaiariak trenbide horretara sartu behar izaten dira trenera igo ahal izateko. “Nasa hori trenbidearen ezpondaren ondoan dago, higiezinaren kontrako aldean, estua da eta ez ditu iriste erraztasunerako neurriak betetzen”, azaldu dute.
Mundakako nasaren zoladura berrituko dute eta argiztatutako seinaleak jarriko dituzte
Horiek horrela, nasa bakoitiaren zoladura berritzeko, eta nasa bikoitian altzariak jartzeko, argiztatutako seinaleak instalatzeko eta kanalizazio berriak egiteko lanak gauzatuko dituzte; dagoeneko Euskal Trenbide Sareak Zamakoa enpresari esleitu dizkio lanak, 227.000 eurotan eta hiru hilabeteko egikaritze tarteagaz.
Argitu dutenez, Bermeoko obran modura, obrek ez dituzte bidaiarien joan-etorriak oztopatuko. Ondorioz, horiekin bateraezinak diren lanak gauez egingo dituzte.