Adinekoei bide ezbeharrak aurreikusteko gomendioak emango dizkiete Gernikan
'Arriskua gutxien espero duzun lekuan dago. 100 aldiz begiratu' sentsibizazio programa Gernika-Lumora ailegatuko da barikuan [azaroak 10], eta oinez, garraio publikoan edo gidari gisa mugitzen diren adinekoei Pasealekura bertaratzeko deia egin diete.
Adinekoek bide ezbeharrak aurreikusteko Arriskua gutxien espero duzun lekuan dago. 100 aldiz begiratu sentsibizazio programa abiarazi du Eusko Jaurlaritzak, eta barikuan [azaroak 10] ailegatuko da kanpaina Gernika-Lumora. Hala, 11:00etatik 19:00etara bitartean hainbat ekimen egingo dituzte udalerrian.
11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era bitartean, Pasealekuan jarriko dute ekimenaren gune nagusia, eta bide ezbeharrak aurreikusteko gomendioak eskainiko dituzte bertan. 17:00etan, berriz, saio parte hartzailea egingo dute erretiratuen zentroan, eta eguna borobiltzeko, Sergio Arrospik bakarrizketa bat eskainiko du Elai Alai aretoan, 18:30ean.
Jarduerak adineko pertsonen autonomia balioesten du, adinekoek bizitza aktibo, osasungarri eta segurua izaten jarrai dezaten, eta aldi berean, horien mugikortasun ohituren eta beharren hausnarketa sustatzen du. Izan ere, uste dute mugikortasuna “funtsezkoa” dela adinekoen zahartzea “aktiboa eta osasungarria” izan dadin, baita euren bizi lakitatea eta ongizate fisiko zein psikosoziala hobetzeko ere.
Hala ere, aldi berean, mugikortasunak adinekoek “arrisku gehiago” izatea ere eragiten du, eta horren ondorio dira Bizkai, Araba eta Gipuzkoako datuak. Izan ere, 65 urtetik gorakoak biktimak dituzten hamar trafiko istripuetatik bitan inplikatuta egoten dira, eta 2022an hil ziren oinezkoen %60k 64 urtetik gora zituzten. Zehaztu dute, gainera, 2022an larri zaurituak izan ziren oinezkoen ia %50ak 64 urtetik gora zituztela. “Adinekoak kolektibo zaurgarria dira, eta bide istripuetan inplikatuta egoteko eta biktima izateko probabilitate handiagoa daukate”, azaldu dute kanpainaren sustatzaileek.
Hori dela eta, kanpainagaz, adinekoak bultzatu gura dituzte euren mugikortasun ohiturei eta beharrei buruz hausnartzera, baita bide arrisku egoerak zein diren eta euren joan-etorrietan euren burua babesteko erabil ditzaketen estrategiak zein diren identifikatzera ere.
Hala, oinez, garraio publikoan edo gidari gisa mugitzen diren adinekoei Pasealekura edo barikuko ekintzetara bertaratzeko deia egin diete, “ikasteko”.