Marisman ostatu bat egitea pentsatzen dabil Sukarrietako Udala
Udal arduradunek uste dute "interesgarria" izango litzatekeela zerbait publikoa eskaini ahal izatea, baina arazo nagusia finantzaketa dela nabarmendu dute.
Sukarrietako Udalak ostatu bat egin gurako luke Marisman, “lehen egoten zen bezala”. Izan ere, eraikina udalarena dela gogora ekarri dute.
Proiektua aztertzeko lanetan dabiltzala esan du Sukarrietako alkate Jaime Oruetak: “Jakin behar dugu zenbat balio duen, bideragarria den, diru laguntzak eduki ahal ditugun… Gabonetarako erabaki gurako genuke, gure ideiagaz jarraitu genezakeen, ostatua egiteko lanekin hasteko”. Hala ez bada, berriro ere, lehiaketara aterako dutela dio alkateak, datorren udan taberna modura martxan egon ahal izateko.
Gogora ekarri dute, sasoi batean leku horretan ostatu bat egoten zela, eta udal arduradunek uste dute “pena bat dela” lehengo hori ez mantentzea. Ostatu “xumea” izaten zela diote, buruan daukaten hori ere “xumea” dela gaineratura. “Bertoko turismoa erakarri gurako genuke, familia turismoa, adibidez. Inguruan ez dago eskaintza handirik, Mundakako eskaintza beste mota batekoa da; guk zerbait xumeagoa gura dugu. Herritarrek udalerrira lagunak gonbidatzeko aukera izango lukete”.
Uste dute “interesgarria” izango litzatekeela zerbait publikoa eskaini ahal izatea, baina arazo nagusia finantzaketa dela nabarmendu dute: “Obra handia egin behar da barrutik, eta Kosta Mugapearen baldintzak ere errespetatu beharra dauzkagu. Hortaz, lehenik eta behin zenbakiak egin behar ditugu, bideragarria den jakiteko”.