Kilometroak ez dira traba elkartasunerako
Palestinaren eta Israelen arteko gerraren amaiera eskatzeko asmoz, Busturialdeko herritarrak elkarretaratzeetan bildu eta bilduko dira.
Palestinaren aldeko eta gerraren aurkako elkartasun uriolak aurrera darrai. Berehalako su etena eta herritar zibilen bizitzak zein segurtasuna errespetatuak izan daitezen aldarri egitea da egunotan Euskal Herrian egiten ari diren manifestazioen nahiz elkarretaratzeen jomuga. Gaur [azaroak 7], Busturialdeko hainbat udalerritan kalera atera eta aterako dira, Gernika-Palestina herri ekimenagaz bat eginda, Israel palestinar herriaren kontra egiten ari den genozidioa salatu asmoz.
Goizetik hasita, hezkuntza zentroak zein udaletxeetako atariak aldarrikapen esparru bihurtu eta bihurtuko dituzte herritarrek. Mobilizazioa ahalik eta zabalena izatea helburu, alderdi politikoek, mugimendu sozialetako eragileek eta sindikatuek bat egin dute deialdiekin. Sarraskiari herri mailako erantzun bateratua ematea, hain zuzen ere, “giltzarri” dela adierazi dute. Era berean, elkarrizketa prozesu bat abian ipintzea guztiz beharrezkotzat jo dute.
Gernika-Lumon, herritarrak 11:00etan elkartu dira udaletxearen aurrealdean, Foru Plazan, eraso guztien etena eskatuz. Bermeoko udaletxe aurrean, aldiz, 19:00etan izango dute hitzordua. Eskualdeko udalerri txikiek ere elkartasunaren aldeko eta txikizioaren aurkako mezua bidaliko diote munduari: Ean, Kortezubin, Mundakan, Busturian edota Foruan elkartuko dira herritarrak. Nabarniztarrak, ostera, domekan [azaroak 12] bilduko dira, 13:30ean. LAB Irakaskuntzak atzoko mobilizazioetan ahalik eta langile gehien elkartzeko deialdia luzatu zuen, erasoaldien jarraipenak “ondorio geroz eta lazgarriagoak” sorrarazi ditzakeen jakitun.
Palestinar sindikatuen deia. Gatazka armatua gertatzen ari den tokian bertan, herrialde osoko sindikatuek elkartasunaren aldeko deialdi bateratua egin dute. Hain zuzen ere, Palestinako sindikatuek mundu osoko langile klaseari eskatu diote Israeli saltzeko armak ekoizteari uko egiteko. Horrez gain, dagokien industriei ondorengo eskaerak egin dizkiete: Israelera armak eroateari uztea; gobernuei presioa egitea, Israelegaz komertzio militarra eteteko; eta Israelen eta hura egiten ari den “setio basatiaren” konplize diren enpresen aurkako neurriak hartzea.
Eskakizun hori egiteko bat egin duten sindikatu palestinarrak denetarikoak dira: administrazio publikokoak, nekazarienak, kazetarienak, dentistenak, industria farmazeutikokoak, albaitarienak, medikuenak, tabernarienak, eta abar luze bat.