Herritar arduratsuak hezten
Erasmus + proiektu bateko kide da Bermeoko Sagrado Corazon ikastetxea, Greziako eta Alemaniako beste bigaz batera. Ikasle guztiak Bermeon batuta daude zapatura bitartean.
Bermeoko Sagrado Corazon ikastetxea Erasmus + programaren barruko Together for a better Europe proiektuan parte hartzen ari da, Greziako eta Alemaniako bi hezkuntza zentrorekin batera, eta bi horietako ikasleak Bermeon daude aste honetan; astelehenean iritsi ziren eta zapatura bitartean proiektuan lan egiteaz gain, Bermeo, Busturialdea eta inguruak ezagutzeko aukera edukiko dute.
Azaldu dutenez, proiektuaren helburua da ikasleek garapen iraunkorra zer den ulertzea eta herritar modura egin dezaketenari buruz hausnartzea. Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) oinarri hartuta, jasangarritasuna, biodibertsitatea eta kultura trukaketa dituzte ardatz. “Gure ikasleak herritar arduratsuak izatea gura dugu”, diote Sagrado Corazon ikastetxeko arduradunek.
Coworking bitartez ikasle guztiek batera honakoak landuko dituzte Bermeon: Ekonomia zirkularra, mugikortasun jasangarria, bioekonomia, klima aldaketa eta energia iturri berriak. Dena lana ez delako izango, bisita ugari egingo dituzte egunotan. Hala, Bermeo eta Bilboko udalak, Ekoetxea Urdaibai, Gaztelugatxeko San Juan, Guggenheim, San Mames futbol zelaia eta Gernikako Batzar Etxea bisitatuko dituzte, eta Hegaluze ontzian bidaia bat ere egingo dute.