Bermeoko Udalak aurrekontu parte hartzaileak abiarazi ditu
50.000 euro bideratuko dituzte herritarrek aukeratutako ekimena gauzatzera.
Bermeoko Udalak 2024ko aurrekontu partehartzaileetan parte hartzeko prozesua abiarazi du. Hala, herritarrek azaroaren 13tik 30era bitartean proposamenak egiteko aukera izango dute.
Jakitera eman dutenez, proiektu guztiak ez dira baliagarriak izango, hau da, zenbait ezaugarri bete beharko dituzte: interes orokorrekoak eta udalaren ahalmen eta eskumenen barrukoak izan beharko dira, eta, gehienez ere, 50.000 euroko aurrekontukoak. “Hautatutako proiektua zenbateko horretara iristen ez bada, gainerakoa, proposamen zerrendako beste proiektu batera bideratuko da”, azaldu dute. Gainera, inbertsio bat edo urte bateko kontratua izan behar dela zehaztu dute.
Herritarrek aukera desberdinak dauzkate proposamenak aurkezteko. Fisikoki egiteko aukera edukiko dute (Berhazen, Gizarte eta Kultura Etxean, Liburutegian, Araneko Kiroldegian, Zaharren egoitzan), etxebizitzetara bideratuko den inprimakia erabilita. Eta, elektronikoki ere egin daiteke, dokumentu berean agertzen den QR kodea erabilita. NA duten adin guztietako pertsonek parte hartu dezakete, baldin eta Bermeon erroldatuta badaude.
Behin proposamenak aurkeztuta, abenduaren 4tik 10era bitartean proposamenak aztertuko dituzte eta abenduaren 18tik 29ra bitartean, ontzat emandakoen artean, herritarrek bozkatzeko aukera edukiko dute. Azkenik, urtarrilaren 8 eta 12a bitartean jakinaraziko dute zein den proiektu irabazlea.