Arlo soziekonomikoan euskararen erabilera sustatu gura dute Eskueran ekimenaren bidez
Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako merkataritzan, ostalaritzan eta enpresetan euskarak duen egoera ulertzeko diagnostiko sakona egitea da ekimenaren helburua.
Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako udalek bat egin dute hiru udalerrietako eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko helburuz. Hala, Eskueran izeneko ekimena abiaraziko dutela iragarri dute.
Jakitera eman dutenez, hiru udalerrietako merkataritzan, ostalaritzan eta enpresa ertain eta handietan euskarak duen egoera ulertzeko diagnostiko sakona egitea da ekimenaren helburua. Lan hori AEK-ko Ahize zerbitzuaren laguntzagaz egingo dute.
Lehenengo fasean, urtarrilera bitartean, diagnostikoa egingo dute, eta horretarako lagin bat aukeratu dute. Gutxienez, merkataritzako eta ostalaritzako 40 establezimendu izango dituela azaldu dute, bai eta bost enpresa txiki eta bi enpresa handi. Diagnostikoan parte hartu gura dutenek eskueran@gmail.com posta elektronikora idatzi edo 607 60 95 80 telefono zenbakira deitu dezakete. “Komertzio, ostalaritza establezimendu edo enpresa askoren atzean euskaldunak dauden arrean, ez dituzte betaurrekoak ondo jarrita”, esan dute.
Lankidetza “estua” ezarri gura da hiru udalerrien artean, “enpresa munduaren beharrei eta erronkei elkarrekin heltzeko, kulturarekin eta euskararekin konpromiso sendoa mantenduz”
Sektorearen beharrak zeintzuk diren jakin gura dute, datozen urteetan “euren eskaeretara egokitutako irtenbide bateratu” bat eskaintzeko. Azaldu dutenez, lankidetza “estua” ezarri gura da hiru udalerrien artean, “enpresa munduaren beharrei eta erronkei elkarrekin heltzeko, kulturarekin eta euskararekin konpromiso sendoa mantenduz”. Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako testuinguru soziolinguistikoa dela eta, “funtsezkoa” dela uste dute, “errealitate hori lan ingurunean islatzea”; izan ere, euskara erabiltzeko gakoa gizarte eremu guztietan erabiltzea da: “Hori lortzeko, funtsezkoa da elkarrekin lan egitea, estrategia komun bat ezarriz, gizartearen eskaerari erantzuteko euskarari dagokionez”.
Era berean, hizkuntza praktika berritzaileak sustatuko dituzte eta Euskaraz Barra//Barra marka bateratua zabalduko dute: “Eskaintza posibleak aurkeztuko zaizkie sektoreko eragileei, dauden beharretara egokitzen diren ebaluatzeko. Datu base bat ere sortuko da jarraipena eta ebaluazioa egiteko, datu berriekin eguneratuko dena”.
Establezimendu eta enpresetara bisitak Behargintzarekin, Bermeoko Turismo Bulegoarekin eta herriko elkarte eta lantaldeekin (Bostale eta Berton, esaterako) lankidetzan egingo direla zehaztu dute. Bisita horietan langileen euskararen ezagutza eta erabilera mailari, harremanetarako sareei, hizkuntza-paisaiari, baliabide informatikoei, salmenta telematikoei, langileek euskararekiko duten jarrerari, proposamenei eta kezkei buruzko datuak bilduko dituzte.
“Euskarak balio erantsia ematen dio lan munduari, eta hiru udalerrietako eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko, erakundeen, enpresen eta eragileen laguntza behar da”.
Eskueran ekimenagaz, gainera, merkatarien, tabernarien, ostalarien, enpresen eta langileen arteko lankidetza sustatzea dute helburu, baita ere euskal eta euskal bezeroen eta hornitzaileen sareak aktibatzea eta sustatzea, eta erabiltzaileen, kontsumitzaileen eta herritarren hizkuntza eskubideak aitortzea. Halaber, euskararekiko motibazioa eta sentsibilizazioa areagotu gura ditu herritarrengan: “Behargintzak eta Turismo Sailak egindako jardueretan, euskara zelan sartu daitekeen identifikatuko da, eta euskarak negozioari balio erantsia ematen diola frogatuko da, Eskatu eta eskaini filosofiari jarraituz”.
Diotenez, “funtsezkoa” da lan garapena euskararekin lotzea, eta eskualdeko datu soziolinguistikoak kontuan hartuz, “eskualdearen garapena euskaraz egin behar dela” deritzote: “Euskarak balio erantsia ematen dio lan munduari, eta hiru udalerrietako eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko, erakundeen, enpresen eta eragileen laguntza behar da”.