Puntisten barne begirada
Puntisten alde pertsonalena lantzen duen ‘Zestaren zirrara’ liburua aurkeztu du Igor Meltxorrek. "Gordailu" hori izatea garrantzitsua dela uste dute zestalariek.
Kantxara salto egitean “presioa eta erantzukizuna” sentitzen ditu Diego Beaskoetxeak, “ilusioa eta erantzukizuna”, berriz, Unai Lekerikak; frontoia beteta egonez gero, gainera, “emozioa askoz handiagoa» da atzelariarentzat. Jon Zabalak beroketa saiotik “gozatzen” du partidua, eta Imanol Lopezek “eszenatokiaren arabera gauza batzuk edo beste batzuk” sentitzen ditu, baina beti dauka jokatzeko gogo bera. Iñaki Osa Goikoetxeak ez du “ezer arraroa sentitzen” kantxara salto egitean, baina Xabier Barandikak tentsioa nabaritzen du egunean bertan. Julen del Riok lehen baino gehiago gozatzen du orain, “lasaiago eta erlaxatuago” kantxaratzen da, eta lagunak eta senideak dira Aritz Erkiagaren motibazioa, “une on zein txarretan”.
Asko dira Igor Meltxor idazleak Zestaren zirrara liburuan jaso dituen puntisten iritzi eta sentimenduak. Frontoietan ikusten diren kirolarien alde pertsonalena erakutsi gura izan du, kirolari horien alde gizatiarrena erakutsiz. Zortzi puntista elkarrizketatu ditu, ikuspuntu emozional eta pertsonal batetik, eta erantzun horien bitartez pilotariak ezagutzea bilatu du. “Elkarrizketa desberdinak egitea otu zitzaidan, eta hori egin dut. Liburuan ageri direnak ez dira Aritz Erkiaga edo Unai Lekerika, Aritz eta Unai dira”, azaldu du idazleak.
Lau arlotan banatuta osatu du liburua Meltxorrek: pilotaren soinuari buruz galdegin die, baita zesta zelan zaintzen duten edo zer den kantxara sartzerakoan sentitzen dutena ere. Partidu batean zaleak entzuten dituzten edo ez ere galdetu die. “Puntisten ezkutuko aldea ezagutu gura nuen. Hori zen gure helburua eta erronka. Denek uste zuten gauza berdinak edo antzekoak erantzungo zituztela galdera jakin batzuetan, baina denetariko erantzunak egon dira, ez dira errepikatu”, adierazi du. Dioenez, “oso eskuzabalak” izan dira pilotariak, “oso jatorrak”.
Sentimenduez harago, Euskal Herriko bizimodua Ameriketako Estatu Batuetakoagaz alderatu dute, eta galdera horretan bai, orduan eman dute erantzun bateratua: denek esan dute “oso ona” zela hango bizimodua. “Baina zesta zaintzeko erari erreparatuta edota pilotaren hotsa zelako den galdetuta, gauza ezberdinak erantzun dituzte”, esan du idazleak.
Adiskidetasuna lantzeko momentuan, aldiz, elkarrizketen lekuan argazkiak aukeratu ditu Meltxorrek. Horien bidez transmititu gura izan du zelakoa den pilotarien arteko harremana: “Euren artean hartu-eman oso ona dute, eta hori kantxan ere nabaritzen da. Guk balioa eman gura izan diogu horri. Izan ere, argazkien bidez euren pertsonalitatea ere ezagutu daitekeela uste dugu”.
Emakumeen Winter Series txapelketak ere leku berezia dauka argitalpenean, “azken urteetan emandako aurrerapausoak” liburuan gordeta geratzea bilatu duelako Meltxorrek.
Horrez gain, zaleen bozgorailu izan diren eta zesta-punta erantzukizunez eta profesionaltasunez transmititu duten bi kazetari ere ageri dira Zestaren zirrara liburuan: Ane Muruamendiaraz eta Olatz Foruria kazetariak. “Lan ona egin dute elkarrizketak egiten eta zaleen artean pertsonaiak bilatzen”.
Winter Series txapelketa hasteagaz batera aurkeztu du liburua, testuinguru horretan kokatu duelako. Izan ere, asko dira liburuan txapelketari buruz egiten diren erreferentziak. Gainera, astelehenero, Jai Alai bertan egongo da Meltxor, liburua saltzen; Zorrotz webgunean ere eskuragarri dago argitalpena.
Erantzuna
Kirol arlotik haragoko elkarrizketak izanik, protagonistak ere gustura sentitu dira. Zabalak, Barandikak, Lekerikak, Erkiagak eta Beaskoetxeak “ilusioa” eragin diela onartu dute, “berezia” dela esanez.
Barandikak uste du “beti dagoela ondo” zesta-puntari buruzko gordailu bat izatea, “egunerokotasunak jota” irrati, telebista edo komunikabide ezberdinetako elkarrizketak “galdu” egin daitezkeelako. Euren kirolak oihartzun handiagoa edukitzea “ona” dela dio Erkiagak: “Zestari buruzko liburu bat argitaratzea ez da askotan gertatzen, eta ona da”.
Jendea eurengana “hurbiltzeko” era aproposa izan daitekeela dio ispastertarrak, izan ere, ikusle gero eta gehiago dauzkan kirola da zesta-punta, eta ikusleek puntistei buruz “gero eta gehiago” jakin gura dutela uste du. Liburua horretarako aproposa dela berretsi du Lekerikak: “Kirol arlotik harago doazen galderak dira, eta beste perspektiba bat ematen die ikusleei. Liburu honetan ikusten da kantxatik kanpo ere beste bizimodu bat daukagula. Pilotari bakoitzak bere mundua dauka, eta ikuspegi desberdinak ditugu hainbat konturi buruz”. Zabalak ez zuen pentsatzen liburu batean inoiz agertuko zenik, baina liburua baliagarria dela uste du. “Galdera sakonagoak dira, desberdinak dira, eta jendeari balioko die gu gehiago ezagutzeko. Gu ezagutzeko bide bat da”.
“Badaude galdera batzuk ez direnak errazak erantzuteko, baina askotan geure buruari egin beharreko galderak dira, hausnartzeko bidea ematen dutenak”, uste du Barandikak, baita Zabalak eta Lekerikak ere.
Kirolaren oinarrian dagoen adiskidetasuna nabarmendu gura izan du idazleak, baita Beaskoetxeak ere. Pilotari gernikarrak uste du “polita” dela herritarrek euren sentsazioak ezagutzea, baina dioenez, are politagoa da kirol adiskidetasunari buruz hausnartzeko tartea hartzea. “AEBetan urte asko egin genituen batera, elkarregaz bizi izan ginen, batuta egon ginen, talde bat sentitzen ginen, eta horrela jarraitzen dugu hemen ere», adierazi du. Ondorioz, uste du beste kiroletan horren nabarmena ez den adiskidetasun hori gazteentzako ispilua izan behar dela: «Gazteek profesionalei begiratzen diete, eta zesta-puntan eredu hori ikusiz gero, hobeto”.