"Baloratuta sentitzeko txapelketa da Winter Series. Pilotariok egon nahi dugun toki bat"
Pro-Am txapelketa irabazita, markina-xemeindarrak eta mutrikuarrak Winter Series jokatuko dute. Arberentzat bigarrena da, Manzirentzat lehendabizikoa. Azaroaren 20an daukate lehenengo partida.
Zelan bizi izan zenuten Pro-Am txapelketako finala?
Jokin Arbe: Tentsio askoko astea izan zen. Guztiok bagenekien zein sari zegoen jokoan, galtzaileek ordezko moduan jokatzeko aukera bazuten ere, denok nahi genuen irabazi. Jende asko izan nuen herrian galdezka, baita lagunak ere. Zorionez, saria irabazi genuen.
Mikel Manzisidor: Finalardietan ondo moldatu ginen bata besteagaz, eta horrek konfiantza eman zigun bikote moduan finalera begira. Finala partida gogorra izan zen, hasietarik igarri genuen tentsio handia zegoela. Urduritasunak nahikoa ondo kontrolatu nituen, kantxan lehenengo tantoetan beti dago tentsio gehiago, baino tantoak jokatu ahala eta izerditan hasteagaz, horiek kentzen doaz.
Saria txapela baino handiagoa zen?
J.A.: Nik Winter Serieseko lehen urtean jokatu nuen, baina Mikelengatik ere irabazi nahi nuen. Presioa desberdina zen, izan ditugu horrelako partidak, sailkapena jokoan dituzunak, baina oso berezia izan da. Prozesu guztia gozatu dut sentsazio horiek guztiak kudeatuz. Orain dagoen txapelketarik esanguratsuena da, izenik handiena duena. Bagenekien zein zen saria, eta ondo moldatu ginen.
M.M.: Winter Series jokatzea sari oso potoloa da. Gaur egun dagoen hegoaldeko txapelketarik garrantzitsuena da. Hirugarren urtea da antolatzen dutena, niretzako lehendabizikoa jokatuko dudana, eta oso pozgarria da onenen aurka jokatzea.
Zer esan nahi du Winter Series jokatzeak?
J.A.: Nik jokatu nuena lehendabizikoa izan zen, gorakada eman zen urtea izan zen. Batez ere, ezustekoa izan zen. Hortik aurrera behetik gorako bidea hartu du. Bi urte geroago, bestelako dimentsio bat hartu du: sarrerak berehala agortzen dira, herrietan jarraipen handia dago, komunikabideetan asko agertzen gara… Beste izen bat hartu du. Niretzako baloratuta sentitzeko txapelketa da. Pilotari danok egon nahi dugun toki bat da. Urte askotako lanaren emaitza da bertan aritzea, eta hori oso pozgarria da.
M.M.: Gaur eguneko pilotaririk onenen aurka indarrak neurtzea esan nahi du, dagoen txapelketarik handiena da eta, gainera, izen handia hartu du Euskal Herri osoan. Egia da txapelketako partida aurreko partidaren bat edo beste jokatu dudala azken urteetan. Lehen urtean, adibidez, gogoratzen dut Urriko Azken Asteleheneko partida jokatu nuela. Johanekin jokatu nuen, eta aurkezpenean bakarrik, harrituta geratu nintzen: «Nik hemen jokatu nahi dut», pentsatu nuen. Zale guztiak pilotariak animatzen daude gainean, frontoia beteta eta giro ikusgarria. Ez dago hori deskribatzeko hitzik.
Zelan moldatu zarete bikote moduan?
J.A.: Oso ondo, oso gustura. Manzi oso langilea da, ez du sekula amore ematen. Nik oso gustukoa dudan pilotari mota da. Frontoian dena ematen du. Lehendik ezagutzen nuen, eta gaztea izan arren, oso jokatzeko era esperientziduna dauka. Plazer bat da Mikelegaz jokatzea, kantxa barruan zein kanpoan ondo konpontzen garelako. Estilo antzeko pilotariak gara, beharginak. Nik badakit tantoak nik amaitu behar ditudala eta partidu bat irabazteko badakit tanto kopuru bat egin behar dudala.
M.M.: Oso ondo. Duela urte batzuk elkarrekin entrenatzen genuen, eta aurretik ezagutzen ginen. Asko jokatu dugu batera zein aurka, eta horrek harremana sortu du, kantxan bakarrik ez, kanpoan ere bai. Horrek konfiantza eta elkar ulertzea sortzen du bikote moduan.
Mikel Manzisidor: “Horrelako aukerak ez dira askotan egoten,
beraz, orain gozatu egin behar da”
Zeintzuk dira zuen indarguneak?
J.A.: Komunikazioa. Edozein pilotaren atzetik elkarrekin joaten gara. Oso ondo elkar ulertzen dugu. Gainera, bikote fisikoa gara, fisikoki partida luzatu ahala, ondo eusten dugu. Ondo moldatzen gara, Mikelek errebesez jokatzen du asko, eta hori Gernikako Jai Alain pilota atzeratzeko oso garrantzitsua da. Nik tantoak amaitzen ditut. Horregatik, bikote lehiakorra gara, edozeinen aurkako lehiatu ahal duena.
M.M.: Aurreko koadroetan Jokin artista da alboz errematatzen, ez du beste batzuen indar hori, baina oso abila da. Gainera, defentsan ere gogor aritzen da. Ni, bestalde, errebesez partidak dominatzen saiatzen naiz, Jokini aurrean errematatzeko aukerarik onena ematen saiatzeko. Oso ondo elkar ulertzen gara. Finalean, esate baterako, komunikazioa oso garrantzitsua izan zen, aurkariek eskuma indartsua zeukaten, eta oso garrantzitsua zen hitz egitea airez edo bote korridoz sartzeko. Jai Alaik koadro asko ditu, kantxa asko estali behar da, beraz, are eta garrantzitsuagoa izango da komunikazioa.
Zeintzuk dira zuen helburuak Gernika-Lumon?
J.A.: Orain reset txiki bat egin nahi dut, banatzea gustatzen zait. Ez dut gustuko konparaketak egitea edo atzera begira jartzea, beraz, lehenengo, hori guztiori itxi nahi dut, Winter Seriesean buru-belarri jarri aurretik. Azaroaren 20an daukagu lehen partida, bi aste ditugu entrenatzeko eta zerotik asteko ostera ere. Orain arte lortu duguna polita izan da, baina aurretik daukaguna beste dimentsio batekoa da. Helburua beti irabaztea da, gure onena ematea.
M.M.: Kantxan sartzen garen bakoitzean irabaztera goaz, kirolariekin bat dator lehiakortasuna. Nire kasuan, gozatu egin nahi dut, horrelako aukerak ez dira askotan egoten, beraz, dagoenean, gozatu egin behar da. Gero, irabazi eta emaitzek laguntzen badute, askoz hobeto. Biok jokatu dugu onenen kontra txapelketa batean edo bestean, baina Winter Series desberdina da, txapelketarik garrantzitsuena da, eta hori tanto bakoitzean nabaritzen da. Puntistok gogo berezia daukagu. Badakigu jendea ere gogotsu dagoela eta beste horrenbeste ikusle ditugula telebistatik ikusten. Gozatzeko partidak dira.
Jokin Arbe: “Bikote lehiakorra gara, edozeinen aurka lehiatu ahal duena”
Multzo indartsuan zaudete.
J.A.: Zalantza barik. Erkiaga-Ibarluzea eta Johan-Lopez oso bikote indartsuak dira, izenez bakarrik ez, jokoz ere bai. Hiru partida dira, eta partida bakarrera edozer gertatu daiteke, sorpresaren bila joango gara. Eskema denak apurtu nahi ditugu.
M.M.: Aritz Erkiaga eta Imanol Lopez egungo onenak dira. Aritz kantxa dagoen bakoitzean, faborito da eta Lopez, faborito da Gernika-Lumon. Gainera, gainontzekoek ere maila izugarria dute. Afizionatu mailan jokatu dut haien aurka, eta badakit oso onak direla.
Oro har, zelan ikusten duzue txapelketa?
J.A.: Faboritoak beti dira faborito. Baina nik beti diot pilota borobila dela denentzako eta buelta asko ematen dituela. Partida gutxi dira, hamar partidara bai izango zirela faboritoago, baina txapelketa laburra da. Hiru partidutan edozer gertatu daiteke, egun txar bat eduki, zuk oso on bat izan, min hartu… sorpresaz beteriko txapelketa izan daiteke. Adibidez, ez gaude ohituta hainbesteko jendetzagaz jokatzera, urtean partida gutxi batzuk jokatzen ditugu horrela, eta zaleak beti dira presio aldetik aldagai garrantzitsu bat. Gestionatu beharrekoa. Horrenbestez, aldagai asko daude ezustekoetarako.
M.M.: Faborito argirik ez dut ikusten. Iaz ezustekoak egon ziren, eta aurten ere uste dut gertatu daitezkeela. Txapelketa luzea da denboraz, baina bikote bakoitzak hiru partida bakarrik jokatzen ditu ligaxkan, eta horrek ezustekoak egoteko aukera zabaltzen du. Egun txarra izan dezakezu edo aurkariak oso ona. Gu saiatuko gara ezustekoren bat edo beste ematen.
Winter Series erabateko fenomeno batean bilakatu da.
J.A.: Zesta-puntak behar zuen zerbait zen, erreferentzia bat. Beti da garrantzitsua erreferentzialtasuna. Kirolak bai behar zuen horrelako zerbait, txapelketa eder puntualak izan ditugu, baina horrelakorik ez. Era berean, neska-mutilentzako ere bada, noizbait hori jokatzeko ametsa dute. Hori da txapelketaren lorpenik handiena. Pilotari moduan, denok jokatu nahi dugun txapelketa bat da. Bikoteka txapelketarik garrantzitsuena da. Fenomeno berezi bat izan da, jendeak behar zuena, egunetik gauera modan jarri zen, sarrerek hegan egin zuten. Gainera, Gernika-Lumoko Jai Alaik asko laguntzen du, egitura aldetik gauza ederrak egiteko frontoi ezin hobea da. Jende asko sartzen da eta ondo kokatuta dago. Azkenean, astro denak elkartu ziren. Ikusi nora arte heldu garen.
M.M.: Gogo asko daukat barrutik bizitzeko. Dania itxi zutenean, zesta-puntak behera egingo zuela uste genuen denok. Eraman Jai Alai enpresak izan zuen gakoa horrelako txapelketa bat antolatzen. Lehen aurkezpenetik denok genuen jokatzeko gogoa eta, orain, niri heldu zait aukera. Oso pozik nago. Winter Series zesta-puntak azken urteetan eman duen aurrerapausorik handiena da. Behar zen zerbait da. Jendeak ahoz aho erabiliko zuen zerbait. Astelehenero frontoia lepo betetzen da, frontoia horrela ikustea zoragarria da. Horrez gain, Winter Serieseko fenomenoa beste toki batzuetara zabaldu da, zesta-punta zaleak ez diren bestelako ikusleak erakarriz. Telebistan partida ikusten ari direnei ere gogoa ematen die frontoira joateko.